2,5 milioi eurotik gorako diru-laguntzak onartu ditu udalak
Familien eta norbanakoen egoera arintzera bideratuko dira diru-laguntzak alde batetik, eta jarduera ekonomikoa eta enpresak laguntzera bestetik.
Covid-19 birusak eragindako lehen ondorio ekonomikoei aurre egiteko 2.595.000 euroko diru-laguntza sorta osatu eta onartu du Hondarribiko Udalak. Ekonomia bultzatzeko eta herritarrak laguntzeko diseinatutako plana bi multzotan banatuta egongo da: bata, familiak eta norbanakoak, eta bestea, enpresak eta jarduera ekonomikoa. Epe laburrera eta ertainera begira diseinatutako proposamena da onartutakoa
Txomin Sagarzazu alkateak emandako azalpenen arabera, aurtengo aurrekontuan gizarte laguntzetarako aurreikusitako 550.000 euroko diru saila bikoiztu du udalak eta denera, 1.100.000 euro bideratuko ditu herritarren beharrak asetzera, hala nola: alokairua, hipoteka, energia gastuak, elikagaiak…
Bigarren laguntza lerroa enpresetara bideratuko da. Hala, larrialdi egoerak aginduta lokala itxita eduki dutenek 1.000 euroko diru-laguntza jasoko dute. Udaletik helarazitako datuen arabera, 1.115 enpresa daude erroldatuta Hondarribian, eta beraz, 1.115.000 euro zuzenduko ditu tokiko gobernuak hauek laguntzera.
Erosketa bonuak
Ekonomia suspertzeko helburuarekin epe ertainera begira ere zenbait erabaki hartu ditu udalak, esaterako, Hondarribian erabiltzeko erosketa bonuak edo txartelak. Herritarren eta merkatarien artean banatzeko 20 euroko 15.000 txartel prestatuko ditu udal gobernuak, eta erabiltzaileak 10 euro gastatzen dituen bakoitzean udalak 20 euro gehiago erantsiko ditu. 300.000 euroko diru saila aurreikusi du tokiko gobernuak horretarako.
Azkenik, herri giroa pizteko 50.000 euroko aurrekontua prestatu du udalak, baita hiria «posizionatzeko eta sustatzeko beste kanpaina baterako 30.000 euro ere». Hala eta guztiz ere, diru sail hau ez da indarrean sartuko larrialdi egoerak hala baimendu arte.