Irundarrek ere Etxealditik Euskaraldira egitasmoan hartuko dute parte
Konfinamendu garaian ere euskararen erabilera bultzatzeko, etxean egiteko jarduera ugari proposatuko dituzte gaurtik maiatzaren 3ra bitarte.
Irungo Udalak bat egin du Euskaltzaleon Topagunearen Etxealditik Euskaraldira egitasmoarekin. Horretarako, gaurtik (hilak 20) maiatzaren 3ra bitarte, etxean egiteko jarduerak proposatuko ditu udalak, #etxealditikeuskaraldira eta #etealditikeuskarairun traolak erabilita. Jarraipena, @euskaraldia eta @euskaraldiairun kontuetan egin ahalko da.
Mahai jokoak, euskarazko filmak, marrazkiak, bideoak, bertsoak… Askotariko erronkak prestatu dituzte. Udaleko Euskara sailak 2018ko Euskaraldian parte hartu zuten guztiekin harremanetan jarri da, bakoitzak ahal duen neurrian etxetik programan parte hartzeko gonbitarekin.