Eskolarteko I. Open txapelketan parte hartu dute Marlaxkako jokalariek
Garaipenik lortu ez duten arren, maila guztietan lehiatu dira Marlaxkako kideak; 250 umetik gora parte hartu dute denera online txapelketan.
Hondarribiko Marlaxka Xake Klubeko jokalariak Eskolarteko I. Open txapelketan lehiatu dira asteburuan. Ez dute garaipenik lortu, baina kategoria guztietan ordezkaritza izan du Marlaxkak. Denera, 250 umetik gora lehiatu dira Arabako Martintxo Xake Taldeak, Marlaxka klubaren laguntzarekin, antolatutako online txapelketan.
Hiru kategoria ezberdinetan lehiatu dira parte hartzaileak. Lehena, hamar urtez azpikoenean, ehun lagunek parte hartu dute eta azkenean, Maria Alvarez Piélagos (Kantabria, Espainia) xake taldeko jokalariak irabazi zuen lehia.
Hamabi urtez azpikoen txanda iritsi zen ondoren, eta kasu honetan ere, ehun partaidek izena eman zuen. Marlaxkatik azaldu dutenez, lehia «handia» izan da kategoria honetako jokalarien artean. Azkenean hala ere, Santurtzi (Bizkaia) xake klubeko Denis Z. Landerak eskuratu zuen garaipena.
Azkenik, hamalau urtez beherakoen lehia iritsi zen. Maila honetan parte hartzea oso txikia izatearen beldur ziren arren, 59 lagunek izena eman zuten azkenean. Talde antolatzaileko kide Ibon Dominguez garaile suertatu zen amaieran. Datorren asteburuan bigarren jardunaldia jokatuko dute parte hartzaileek.
Online entrenamenduak
Konfinamendua agindu zenetik Xake Eskolako klase presentzialak bertan behera utzi behar izan zituzten Marlaxkako kideek. Hala eta guztiz ere, Skype bidez jarraitzen dutela entrenatzen eta Lichess plataformaren bitartez lantzen dutela ikasitakoa jakinarazi dute Hondarribiko taldekoek.
Horrez gain, hainbat plataforma digitalen bitartez lehiatzen ari direla ere zehaztu dute klubeko arduradunek, hala nola, Lichess, Chess.com eta Ches24. Halaber, Euskal Xakea txapelketaren taldekako batailan hiru astez lehiatzen ari direla gaineratu dute.