Gizarte larrialdietarako talka plana eskatu du Irungo Podemos-Ezker Anitzak
Gizarte larrialdietarako talka plana eskatu du Irungo Podemos-Ezker Anitzak. Hainbat neurri proposatuko dituzte, kreditu aldaketa bidez egitekoak.
Irungo Podemos-Ezker Anitzak uste du koronabirusaren krisiari politika publikoekin erantzun behar zaiela. Horregatik, larrialdi sozialerako talka plan “partekatua eta adostua” egiteko prest agertu da gaur goizean, era telematikoan egin duen agerraldian. Izan ere, urtarrilean onartutako 2020ko udal aurrekontuak beheranzko aldaketak izango dituela adierazi dute taldeko kideek, tasa eta zerga bidezko udal sarrerek beherakada izango dutelako, eta aldundiak udalei itzultzen diru kopurua ere apalagoa izango delako, “eta gainera, gizarte beharrak ugaritzen ari dira”.
Talka planaren ardatzen berri eman dute Podemos-Ezker Anitzako kideek: kolektibo ahulenei eta babesik gabekoei arreta ematea; negozioa ixtera behartuak izan diren hiriko merkatariak laguntzea; eta autonomoak eta beren proiektuak kolokan ikusten dituzten enpresa txiki eta ertainak, langabeak eta familiak laguntzea dira lehentasun haientzat.
Hori, kreditu aldaketa bidez egin beharko litzatekeela uste du; “atzo udal gobernuak jakinarazi zigun datorren astean helaraziko digula aurrekontuak aldatzeko bere planteamendua. Zain egongo gara”. Hala, aldaketa horiei ekarpen propioak egin nahi dizkiete, honakoak, hitzez hitz:
- “Kontratazioen kapituluan zenbait zerbitzu birpentsatzea. Izan ere, hainbat zerbitzuk pribatizatzen direnean krisialdiei aurre egiteko eraginkortasuna mugatua dutela egiaztatu baita”.
- “Gizarte-politikei baliabide gehiago eskaintzea eta zergak eta tasak ordaintzean salbuespenak aplikatzea gaizki pasatzen ari diren familiei. Ez ahaztu berdintasunari buruzko politikak, emakumeak baitira krisiaren ondorioak gordinen ordaintzen dituztenak”.
- “Enplegua bultzatzeko neurri argiak ezartzea, eskualdeko enpresa-ehunari laguntzea, enplegua sortzeko formula berriak bultzatzea (adibidez kooperatibismoa), eta prestakuntzarako laguntzak areagotzea”.
- “Aurrekontuan onartutako partidak aktibatzea, enplegu berdea eta kalitatezkoa sor dezaketen energia-trantsizioko politikei lotuta”.
- “Hiriko kultura, kirol eta elkarte ehunari zuzendutako neurri argiak eta eraginkorrak txertatzea, horrelako geldialdi baten ondoren hain beharrezkoa dena”.
Talka plana edo kreditu aldaketak diruz elikatzeko asmoz, hainbat gai zalantzan jarri behar direla esan dute taldekideek. Hala, esan dute obra publikoko inbertsio jakin batzuek beharrezkoak diren ala ez baloratu behar dela; alde batera utz daitezkeen zerbitzurik ote dagoen baloratu behar dela; edo zinegotzien eta udal gobernuko kideen kostua aztertu beharko litzatekeela: “Oraingoan murrizketak goitik behera egitea tokatzen da. Krisi hau ezin dute berriz ere familia ahulenek ordaindu”