Irun Etxetik argazki sariketan, 300 parte hartzailetik gora
Irun Etxetik argazki sariketaren lehen saioan, 300 parte hartzailetik gora izan dira. Tokiko merkataritza eta ostalaritza laguntzeko lehiaketa da.
Tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko argazki lehiaketa da Irun Etxetik, bertan erosteko edo kontsumitzeko. Eta udalak jakinarazi duenez, 318 lagunek parte hartu dute bertan, bere argazkiak bidaliz. Lehen atala jada burutu da, eta bigarrenari ekin diote: konfinamendu garaian etxeko txokoren baten argazkia eskatu dute lehiaketaren bigarren ekitaldian parte hartzeko.
Lehenari dagokionez, udalak koronabirusaren gaiarekin propio prestatutako webgunean izan dira ikusgai herritarrek bidalitako argazkiak. Horiei botoa emateko aukera izan da, joan den igandera arte. Hala, boto gehien lortu dituzten bost argazkien artean zozketa egin, eta bati egokitu zaio 300 euroko erosketa bonua, Irungo tokiko dendetan baliatzeko. Beste lau finalistek hogeina euroko bonua jasoko dute. Eta gainontzeko partaideen artean, 20 euroko beste 46 bonu zozkatu dituzte. Parte hartzaile guztiei posta elektroniko mezua bidali diete, saria egokitu zaien edo ez jakinarazteko.
Atzo jarri zen abian Irun Etxetik-en bigarren saioa, etxeko txoko kutunenei argazkiak ateratzea eskatzen duena. Parte hartzeko, etxeko eremu maiteenari argazkia atera, eta udalaren koronabirusaren webgunera bidali behar da, #IrunEtxetik ataletik. Han, argazkia igotzeaz gain, hainbat datu eman behar dituzte partaideek. Gero, sare sozialetan parteka ditzakete argazkiak egileek, #NireEtxekoTxokoa euskarazko traola erabiliz. Erabiltzaile bakoitzak argazki bakarra bidal dezake.
Sariak, lehen ekitaldiaren berberak: boto gehien lortzen dituzten bost finaisten artean 300 euroko bonua zozkatuko da; beste lau finalistei 20 euroko bonua emango diete; eta beste 46 parte hartzaileri 20 euroko bonuak esleituko dizkiete zozketa bidez