Baserritarren azoka egiteko berriz ere galdegingo du Abotsanitzek
Eusko Jaurlaritzak azokak egiteko debekuarekin atzera egin ondoren, Hondarribiko baserritarrei salmenta gune hau ahalbidetzea eskatuko du berriro udal taldeak.
Hondarribiko baserritar produktuen azoka antolatzea proposatuko du berriro Abotsanitzen Udal Taldeak, gaur jakinarazi duenez. Martxoan egin zuen azoka berreskuratzeko lehen eskaria, eta EAJren Udal Gobernuak proposamenari uko egin zion. Orain, ordea, Eusko Jaurlaritzak azokak egiteko debekua altxatu duela-eta erabaki du Abotsanitzek eskaria berriz ere helaraztea.
Izan ere apirilaren 8an hartu zuen Eusko Jaurlaritzak merkatuak debekatzeko erabakia, Abotsanitzek salatu duenez, «lehen sektoreko produktuen salmenta EAJrekin lotura zuzena duen Hazi Fundazioaren esku uztea erabaki zuen». Erabakiak kritika «oso gogorrak» eragin zituela iritzi dio udal alderdiak, eta ondorioz, «hiru egun geroago Jaurlaritzak atzera egin behar izan du, eta berriro baimendu ditu azokak».
Eusko Jaurlaritzaren baimena izateak, hala ere, ez du Hondarribiko baserritarren azoka egiteko berme zuzenik eragiten, «Hondarribiko udal gobernuak Jaurlaritzak baino lehenago erabaki baitzuen baserritarren merkatuak bertan behera uztea».
Hala, «azokak ez egiteko inolako arrazoirik ez dagoela» iritzita luzatuko dio Abotsanitzek salmenta puntua berreskuratzeko eskaria udal gobernuari.