Errepublikaren baloreak goraipatu eta protestara deitu du Elkarrekin Podemos-IUk
Espainiako II. Errepublikaren 89. urteurrena ospatzeko banderak zintzilikatzera eta kazerolada bat egitera deitu ditu herritarrak gaur, 21:00etan.
Gaurko egunez deklaratu zuten Espainiako II. Errepublika orain dela 89 urte, 1931n. Konfinatuta egon arren, urteurrenarekin bat egin nahi izan du Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza IUren Udal Taldeak eta bandera errepublikanoak balkoietan eta leihoetan zintzilikatzera animatu nahi izan ditu herritarrak. Horrez gain, kazerolada egitera deitu du herritarrak gaur gauerako, 21:00etan.
Errepublikaren baloreak goraipatu ditu udal alderdi moreak: «Errepublikarekin aurrerapauso sozialak, ekonomikoak eta demokratikoak iritsi ziren langile klasearentzako zein emakumeentzako ere». 1936ko gerrak eta Frankoren diktadurak errepublikarekin amaitzeko eragindako genozidioa deitoratu du Elkarrekin Podemosek, eta gaur egungo erregimen monarkikoa horren jarraipena dela salatu du.
Azkenik, 2018an balore errepublikanoekin bat eginez onartutako mozioa bete dezala eskatu dio Irungo Udal Gobernuari, eta bandera leku nabarmenean jartzeko galdegin dio.