Eragile ekonomikoekin bilduko direla aurreratu du Txomin Sagarzazu alkateak
Hondarribiko merkatariekin, ostalariekin eta autonomoekin harremanetan jarriko da udal gobernua egoera aztertu eta hainbat neurri hartzeko helburuarekin.
Tokiko ekonomia bultzatzen duten eragile ezberdinekin bilduko dela udal gobernua jakinarazi du Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak. Merkatariekin, ostalariekin eta autonomoekin bilduko dela horretarako iragarri du agintariak. Egitasmo ezberdinak martxan jarri aurretik, baina, proposamen eta neurrien berri eman beharko du gaur Sagarzazuk udal alderdien bozeramaileen batzordean.
Udal gobernuak proposatutako neurriek bi ikuspegi ezberdin jorratzen dituztela aurreratu du alkateak. Batetik, jarduera ekonomikoen itxierak eragindako presazko beharrei aurre egiteko diru-laguntza ekonomikoak abiatu nahi ditu tokiko gobernuak. Bestetik, tokiko merkataritza sustatzeko sentsibilizazio kanpainak eta herriko establezimenduetan aldatzeko erosketa bonuak martxan jarri nahi ditu. Neurri horiez gain, larrialdi egoera amaitzean kaleak dinamizatzeko hainbat jarduera proposatuko ditu udalak, baita 2019-2023 Turismo Plan Estrategikoa egoera berrira egokitzea ere.
Alkateak zehaztu duenez, orain arteko lehentasuna gizarte emergentziei irtenbidea ematea izan da, baita udal zergen egutegiaren egokitzapena eta hainbat kuoten atzerapena onartzea ere. Orain, tokiko ekonomiaren alde urratsak egiten hasi nahi duela dio tokiko gobernuak.