Andrea Azkune 'El Conquistador del Caribe' saiotik kanporatu dute
Atzo lehiatu zen hondarribiarra azkenekoz eta duelua galdu ondoren amaitutzat eman zuen bere abentura Karibean.
Andrea Azkune hondarribiarra El conquistador del Caribe telebista saiotik kanporatu dute duelua galdu ostean. Programaren 13. atala eman zuen atzo euskal telebistaren 2. kateak (ETB2) eta talde urdineko Adrian Campoyren aurkako lehian porrota eskuratu ondoren Karibea utzi eta Hondarribira itzuli da gaztea. Psicoblock edo ur gaineko eskaladan zetzan proba.
Maila goreneko kirolaria da Azkune. Gogoratzekoa da iragan urrian brontzezko domina eskuratu zuela Londresko oztopo lasterketen OCR (Obstacle Course Races) Munduko Txapelketan. Horrez gain, entrenatzailea da, arte martzialetan aditua, eta defentsa pertsonalean Espainiako Txapeldun izan zen 2018an.
Azkunez gain, Iosu Silanes 38 urteko arrantzale hondarribiarra ere parte hartzen ari da Julian Iantzik gidatutako muturreko telebista saioan.