Oinarrizko gastuei aurre egiteko diru-laguntzak abiatu dituzte
Elikagaiak eskuratzeko eta etxebizitzaren alokairua ordaintzeko zailtasunak dituzten norbanakoei edota familiei bideratuak egongo dira diru-laguntzak.
Zailtasun ekonomikoak dituzten familia eta herritarrak diruz lagunduko ditu Hondarribiko Udalak. Etxebizitzaren alokairuari aurre egiteko eta elikagaiak eskuratzeko diru-laguntzak izango dira tokiko gobernuak martxan jarriko dituenak.
Hala baieztatu dute Txomin Sagarzazu alkateak eta Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Eusko Jaurlaritzak Gizarte Larrialdietarako Laguntzetan (GLL) sakontzeko gaitutako aparteko kredituak 75.000 euroko bideratuko ditu Hondarribira, eta udalak aipatutako beharrak asetzera zuzenduko dituela iragarri du.
Hortaz, astero 25 euroko laguntza ematea elikagaien erosketa bermatuta egon dadin hobetsi dute udal talde ezberdinek, baita «ohiko etxebizitzaren alokairua ordaintzeko beste kopuru bat ere, zorpetze egoeran egon edo ez egon».
Laguntza eskatu nahi duten herritarrek eskabide orri bat bete beharko dute, kontu zenbaki bat, eta ondasunen eta sarreren adierazpen bat. Proposamena behin-behinekoa izango da, larrialdi egoera bukatzean aurkeztu beharko dituzte eskatzaileek gainontzeko dokumentuak.