15.000 maskara banatuko dituzte aste honetan Irunen
15.000 maskara horiek lanera doazenen artean banatuko dituzte, hiriko garraio geltoki nagusietan, nahiz autobus urbano barruan.
Irungo Udalak jakinarazi du aste honetan 15.000 maskara banatuko dituztela hirian garraio publikoa erabiliko dutenen artean. Banaketa Babes Zibileko eta Gurutze Gorriko boluntarioek egingo dute, Udaltzaingoko kideen laguntzarekin. Banaketa gaur hasi dute, premiazkoak ez diren lanbideetan ari direnen jarduna abiatzearekin batera.
Zehazki, honako tokietan banatuko dituzte maskarak: Fermin Calbeton kaleko autobus geltokietan; topoko geltokietan (Colon eta Katea); Renfeko geltokietan (geltoki nagusia eta Katea). Gainera, hiriko autobusen barruan ere emango dituzte maskarak, zehazki 1 lineakoetan (Behobia-Zaisa) eta 2koetan (Katea-erdialdea). 07:00etatik 10:00etara, eta 14:00etatik 17:00etara emango dituzte maskarak.
Udalak gogorarazi du, Espainiako Gobernuak martxoaren 14an ezarritako alarma egoeraren harirako neurriak indarrean daudela, eta horiek errespeta daitezela eskatu du, tartean, etxeetako itxialdiena. Informazio gehiago, udalaren webgunean.