Azken eraso matxista gaitzetsi du udalak
Biktimari erabateko hurbiltasuna eta elkartasuna adierazi diote ordezkaritza duten talde guztiek.
A25 2019: SOS Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazioa San Pedro kalean. Hondarribiko Udalak gaitzespen irmoena adierazi nahi izan du orain dela egun batzuk Hondarribian gertatutako eraso matxistaren aurrean. Biktimari erabateko hurbiltasuna eta elkartasuna adierazi diote ordezkaritza duten talde guztiek eta denek adostutako testua kaleratu dute gaur. Udaleko iturrien arabera, etxean izan da eraso matxista; jakinarazi dutenez, gizon batek haren bikotekideari eraso egin dio.
Honakoa da, hitzez hitz, udalak kaleratutako irakurketa:
Hondarribiko Udalak bere gaitzespen irmoena agertu nahi du duela egun batzuk Hondarribian izandako eraso matxistaren aurrean eta erabateko hurbiltasuna eta elkartasuna helarazi nahi dio erasotutako emakumeari.
Bikotekideak eraso zuen emakumea haien etxean, jasandako ondorio fisikoen ondorioz, osasun zerbitzuen arreta jaso behar izan zuen. Udalak emakumearen eskura jarri ditu bortizkeria matxistaren biktimentzako gizarte zerbitzuen babesa.
Tankera horretako eraso guztiek gizon-emakumeen eta, oro har, gizarte osoaren bizikidetza errespetuzkoa eta demokratikoa urratzen dute eta, giza-eskubideen urraketa diren neurrian, gure herrian eraso sexistak erabat lekuz kanpo daudela nabarmendu nahi du Hondarribiko Udalak. Pertsona guztiek, emakume nahiz gizaseme, elkarrekin duintasunez eta segurtasunez bizitzeko eskubidea baitugu.
Halako gertaeren oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun falta dagoela ohartarazteaz gain, herritarrok eta erakundeok indarkeria matxistari aurre egiteko dugun borondate sendoa ere gogorarazi nahi dugu, indarkeria-mota hori prebenitzea, detektatzea eta horri erantzuna ematea denon egitekoa baita. Are gehiago egungo konfinamendu eta larrialdian, zeinetan inoiz baino beharrezkoagoa den herritar orok bortizkeria matxistaren aurkako konpromisoa bere egin eta balizko egoerak antzeman eta ekiditen laguntzea. Bortizkeria egoera jasaten ari diren emakumeak ez daude bakarrik, herritarren eta erakundeen babes osoa dutela egoera horretatik atera ahal izateko.
COVID-19aren egoerak ekarritako Larrialdi Egoera dela eta, Udalak ezin izango du eraso matxista hau salatzeko elkarretaratzerik deitu. Hala ere, salaketa irmoena plazaratu eta gogoratu nahi du egoera honetan ere erabilgarri direla Udal Gizarte Zerbitzuetako 943 111291 eta EMAKUNDEren 900 840 111 telefono zenbakiak, nahiz larrialdietarako SOS Deiak zerbitzuaren 112 aplikazioa.

