Larri gaixo dauden presoak etxeratzea exijitu du Sare Herritarrak
Sare Herritarrak, larri gaixo dauden euskal presoek bizi duten egoera ekarri du gogora, eta gaur egungo egoeran inoiz baino presazkoagoa dela horiek etxeratzea esan du.
Osasunaren Nazioarteko Eguna da gaur. Pandemia giroan heldu da aurten egun hori, eta kalean osasun larrialdiari eta Covid-19ari aurre egitea zaila bada, zer esanik ez espetxeetan. Sare Herritarrak, larri gaixo dauden euskal presoek bizi duten egoera ekarri du gogora, eta gaur egungo egoeran inoiz baino presazkoagoa dela horiek etxeratzea esan du. Enegarrenez salatu du gaur gaixotasunak eta espetxea ez direla bateragarriak, Momentuz, Espainiako Estatuak soilik Gorka Fraile, larri gaixo dagoen euskal presoa utzi du baldintzapean aske 22 urte espetxean bete ostean. Hirugarren graduan zegoen eta ez du Iruñeko espetxera lotara itzuli beharko Durangarrak erabaki horren arabera. Etxerat, euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteak jakinarazi duenez, presoek duela 3 urte abiatutako norabidetik baldintzapeko askatasuna lortu bitarteko ibilbide juridiko-penitentziario osoa egitea lortu duen Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) lehen presoa izan da durangarra.
Frantziako Estatuaren kasuan, larri gaixo edo adinekoak diren presoekin neurriak hartuko zituela jakinarazi bazuen ere, euskal presoak neurri horietatik kanpo utzi ditu, eta espetxean jarraitu beharko dute larri gaixo daudenak.
Egun gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 17 euskal preso daude. Honakoak dira patologiak: bihotzeko gaitzak, eskizofrenia, obsesio paranoidea, ikusmen galerak, Ihesa, minbizia, gaitz degeneratiboak, espondilitisa, esklerosi anizkoitza, gaixotasun artritikoak… Horiei guztiei, konfiantzazko medikurik gabe eta senide eta lagunen babesik gabe egin behar diete aurre.
Gure bi eskualdeetan larri gaixo dauden bi preso dira, biak Errenteria-Oreretakoak: Mikel Arrieta eta Aitzol Gogorza. Euskal Herritik 1.100 kilometrora baino gehiagora dagoen Algecirasko Botafuego espetxean (Andaluzia, Espainia) dago preso Arrieta. Espondilartropatia kroniko seronegatiboa du Arrietak, endekapenezko gaixotasun larri eta sendaezina. Gogorza ere larri gaixo dago, eta pasa den urteko apiriletik espetxealdi arindua ezarrita etxean zigorra betetzen ari da oreretarra eskumuturreko telematikoarekin; etxetik terapietara joateko irteteko baimena du bakarrik. Nahasmen obsesibo konpultsiboa du Gogorzak.
Ondoko bideoa zabaldu du gaur Sare Herritarrak.