Abotsanitz udal taldeak larrialdi egoeran laguntza gehien behar duten hondarribiarrengana heltzeko beharra nabarmendu du. Horretarako, azken asteotan sortutako Guztion Artean boluntario sarea zabaltzeko proposamena egin diote udalari. «Sarea ez da iritsi laguntza behar duten guztiengana, eta esperoan dauden boluntarioak daude. Horiengana guztiengana iritsi behar dugu, herritar sarea osatu», salatu dute taldetik.
Orain arte Guztion Artean boluntario sarearen lana nahikoa izan ez dela diote. «Batetik, ezin izan dute 70-75 urte bitartekoekin kontaktatu, ezta hortik beherakoak izanda ere arrazoiren batengatik edo bestearengatik laguntza behar dutenekin ere. Eta bestetik, badira zereginik gabe jarraitzen duten boluntarioak, esperoan daudenak», diote amorruz. Horregatik, boluntario sarea laguntza behar duten guztiengana hedatzeko beharra nabarmendu dute, sarea indartzen jarraitzeko premia. Esaterako, herri osoan zehar boluntarioek sarearen berri ematen duten kartelak jartzea proposatu dute, denek sarearen berri izan dezaten.
Hurrengo urratsa, Abotsanitzeko kideentzat, adineko edota menpeko pertsona guztiei laguntza behar ote duten galdetzea izango da, beharra balute, zuzenean sarearen edo Hondarribiko Udalarekin harremanetan jartzeko. «Koronabirusaren aurrean, herri bezala erantzuteko beharra dago. Ari gara, baina gehiago egin dezakegu. Ehundu dezagun herritar elkartasun sarea, laguntza behar duten hondarribiar guztienganaino iritsi arte», gehitu dute.