Larrialdi egoeragatik, ezohiko neurriak Bidasoan
Txingudiko Zerbitzuak-ek (Txinzer) neurri ugari hartu behar izan ditu azken aste eta egunotan. Zerbitzu batzuk bertan behera geratu dira, eta beste batzuk ordea, indartu egin dituzte.
Hiria garbi eta desinfektatua mantentzeko ere zenbait neurri hartu dituzte. Esaterako, ur eta xaboi bidezko baldekadaren maiztasuna handitu dute, ur-garbigailuekin zein eskuz. Hipoklorito sodikoarekin ere garbiketak egiten ari direla jakinarazi dute, eta jende asko biltzen den lekuetan (Eskualdeko Ospitale inguruan, Irun eta Hondarribiko anbulatorioetan eta supermerkatu eta janari dendetan) garbiketa indartu dute. Bestalde, markesinak, eskailera mekanikoak eta igogailuak garbitzeko maiztasuna egunerokoa izatera pasatu da, organikoaren edukiontzien estalkiak bezala.
Edateko uraren kalitatea eta segurtasuna une oro bermatuta dagoela diote udaleko iturriek, baina, gogorarazi nahi izan dute arduratsuki erabiltzeko. Komunetik eskuoihal hezerik, janaririk, sendagairik edo bestelako hondakinik ez botatzeko dei ere egin du Txinzer-ek.