[Erreportajea] Itxaropena inprimatzen
Ospitale eta zahar egoitzetako langile eta erabiltzaileentzako babes maskarak egiten ari dira Oarso Bidasoko zenbait zentrotan. Irun Factory-n horretan ari dira buru-belarri.
Koronabirusak eragindako osasun krisiak gogor astindu ditu Euskal Herriko ospitale, anbulatorio eta bestelako osasun zerbitzu guztiak. Tamalez, baliabide eskasiak kondizio desegokietan lan egitera behartu ditu milaka eta milaka mediku eta erizain, eragin ditzakeen ondorio guztiekin.
Egoera kezkagarriari bira eman bitartean, askok euren kabuz laguntzeko erabakia hartu dute, musu-truk. Osasun larrialdiari beharrezko erantzuna eman ahal izateko askotariko materialak egiten hasi dira azken asteotan Oarso Bidasoko zenbait zentrotan.
Errenteria-Oreretako Tknika lanbide zentroa izan da pausoa ematen lehenetakoa. Osasun langileek babesteko erabiltzen dituzten pantailak ekoizten ari dira buru-belarri, eskuragarri dituzten 3D inprimagailuak baliatuz. «Kontziente gara gure eskualdeetan badaudela anbulatorioak, emergentziazko zentroak eta zahar egoitzak non babeserako maskarak beharrezkoak diren, eta tamalez oraindik ez zaizkie iritsi», azaldu du zentroko zuzendari Jon Labakak.
Tknikaren lehen zeregina prototipoa sortzea izan dela kontatu du zuzendariak, proba ugari egin dituzte, egokia diseinatu arte. Zehazki, maskaren pantailetarako euskarria eta babes pantaila ekoizten ari dira inprimagailuetan. Horretarako, Bizkaiko injekzio enpresa baten laguntza jaso du egitasmoak. «Inpresio bitartez ordu eta erdi behar dugu euskarri bat egiteko, injekzio enpresa honetan, berriz, orduero 200 ekoizten dituzte», gehitu du Labakak.
Prototipo honek Osakidetzaren eta zenbait ospitaleren oniritzia jaso duela nabarmendu du, eta beraz, haien sorkuntza errepikatzen ari direla Euskal Herriko 54 ikastetxe ezberdinetan, bereziki bertako irakasleak ari dira lanean. Hasieratik bukaeraraino prozesuan parte hartzen duten agente guztiak musu-truk ari direla nabarmendu du Labakak.
Azken asteotan ekoizten ari diren maskarek, gainera, berezitasun bat dutela nabarmendu du zuzendariak: berrerabilgarriak dira. «Desinfektatu egiten dira, diademak kopetan azala ukitzen duen pieza desinfekta daiteke, eta pantaila ere ura eta xaboiarekin edo lixibarekin garbi daiteke. Abantaila sako ditu», azaldu du.
Aste eskas honetan jada milaka eta milaka pantaila ekoitzi dituztela dio, pozik, Labakak. «Egunean 1.000 inguru banatzen ari gara». Izan ere, ekoiztean gain, banaketa lanak ere egiten ditu Tknikak. EAEko beste bi ikastetxerekin elkarlanean, dagokion zentroetara bideratu dituzte babes maskarak. Hemen, Donostia zein Irungo ospitaletan banatu dituztela zehaztu du zuzendariak.
Teknikako irakasleek argi dute, behar den adina luzatuko dute euren jardun berria, ez dute epemugarik zehazteko asmorik. «Larrialdi egoera bukatu arte jarraituko dugu, edo ikusi arte zentro guztiak hornituta daudela». Gainera, babeserako maskarez gain, osasun larrialdiari duinki erantzuteko bestelako zenbait proiektu ikertzen ari direla aitortu du Labakak: «Material berria probatzen ari gara, zenbait proiekturen jarraipena egiten ari gara momenturen batean beharra baldin badago ahalik eta gertuen egoteko».
Bidasoan ere bai
Bidasoan ere birusari kontra egiteko herritarrak eta enpresak irauli egin dira. Tknikan bezala, Irun Factoryn ere babeserako maskarak inprimatzen ari dira jo eta su. Horretarako, osasun larrialdia arintzeko materiala sortzeko helburua duen Gipuzkoa mailako Maker proiektuarekin bat egin du Irunek. Zeregin horretan laguntzeko, 100 kilogramo filamendu eskuratu ditu Irungo Udalak.
Egunean Irunen 60 bat euskarri egiten dituztela kontatu du Izaskun Iridoyk, Ekintzailetza saileko buruak: «Azken egunetan guztira 200 bat egin eta banatu ditugu».
Larrialdi egoeragatik faktoria itxi arren, osasun premiari erantzuteko berriz ere ateak zabaldu ditu. Bertan lan egiten duten enpresa guztiek ere bat egin nahi izan dute egitasmoarekin. «Egunerokotasunean bertan lan egiten duten proiektuak banan-banan itzuli dira faktoriara lanera. Ikusi da faktoriako maker-ek duten izpiritu kolaboratzaile hori benetakoa dela, behar denean hor daudela», gehitu du.
Proiektua martxan jarri zenetik, Tknikako kideekin harremanetan izan da Irun Factory, eta bertan ekoitzitako material asko banatu du Errenteria-Oreretako zentroak. Etorkizunari begira ere zentroen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du Bidasoa Bizirik-eko kideak, «horrelako kasu larriei kolektiboki erantzuteko». Bide batez, Factory zein Tknikako kideek herritarrak laguntzera animatu dituzte, etxean edota lantokian dituzten inprimagailu eta bestelakoekin osasun materiala egitera. «3D inprimagailua duten herritar asko jada etxetik ari dira lanean. Oraindik hasi ez direnei dei egiten diegu gurekin harremanetan jartzera. Egoerari bira emango diogu», gehitu du Bidasoa Bizirik-eko kideak.