EAJ: «Guztion hobe beharrez laguntzeko garaia da»
Larrialdi egoeraren gaineko irakurketa egin dute jeltzaleek . Lanean jarraitzen dutela nabarmendu dute, «egoera aztertzen, beharrak ikusten eta bilerak modu telematikoan egiten».
Irungo EAJk larrialdi egoeraren gaineko irakurketa egin berri du. Lehenik, Covid 19 birusaren hedapenari eusteko udal gobernuak hartutako erabakiei babesa adierazi diete jeltzaleek, baita administrazio mailatan hartutako neurriei ere. «Salbuespen egoera baten aurrean gaude, eta honek erantzukizun politikoak ditugunon ardura eskatzen du, baita talde-lana eta koordinazioa lehenestea ere. «Guztion hobe beharrez laguntzeko garaia da»», adierazi du Xabier Iridoyk bozeramaileak.
Helburu nagusia Irun eta bertakoen ongizatea dela nabarmendu du taldeak, eta txalotu egin ditu herritarrak, azken asteotan «jarrera eredugarria» hartzeagatik.«Birusaren aurkako borroka da gure aurrean duguna, horregatik, edozein sumindura eragin dezaken egoera saihestu behar da. Irteera bakarra adimen partekatua da, eta ez autoritate monopolizatua», gehitu du jeltzaleak. Era berean, pandemiaren ondorioak pairatzen lagundu duten pertsona guztiei ere elkartasuna adierazi nahi izan die bozeramaileak, eta jeltzaleek ere laguntzeko prestutasuna adierazi dute. «Egoera honetatik aterako garelako, aurrera egingo dugu eta elkarrekin begiratuko dugu etorkizunerantz».
Jeltzaleak prest daude ere irundarrak laguntzeko, zalantza, eskaerak edota iradokizunak entzuteko. Horretarako, 943 505 130 telefono zenbakia eta helbide hau eskuragarri jarri dituzte. Gainera, sare sozialak ere baliatu daitezke horretarako.
Amaitzeko, EAJko kideak lanean jarraitzen dutela nabarmendu dute, «egoera aztertzen, beharrak ikusten eta bilerak modu telematikoan egiten». Bide horretan, proposamenak egin dituztela gogoratu dute, udalaren esku jarri direla. «Alkateak badaki gure taldearekin kontatu dezakeela, eta badaki, halaber, gure erabateko laguntza duela», gehitu du Iridoyk.