Arnas gaixotasunen arretarako hiru erreferentzia zentro gurean
Erreferentzia zentroa presentzialki baloratzea behar duten pazienteei begirakoa da, "fisikoki aztertu behar ditugun pazienteentzako da". Ahal dela telefono bidez ari dira artatzen pazienteak, eta presentziala ezinbestekoa den kasuetan baino ez dute egiten.
Joan den igandean, Iztieta pasealekuan Iztietako anbulatorioan ari diren osasun profesionalei begirako aparkalekua prestatuko zuela astelehenetik aurrera jakinarazi zuen Errenteriako Udalak. Arrazoia, anbulatorio hori arnas gaixotasunak dituzten pazienteak artatzeko erreferentziazko zentroa bihurtu dela. Horrek zer suposatzen duen jakiteko, anbulatorioan edota ohiko pazienteengan izan duen eragina ezagutzeko, Iztieta anbulatorioko bi profesionalekin harremanetan jarri da HITZA.
Iztietakoa ez da Oarsoaldean eta Bidasoan dagoen erreferentziazko zentro bakarra, arnas gaixotasunen arreta espezializaturako hiru erreferentziazko zentro daude guztira. Horietako bi Oarsoaldean daude, Errenteriako Iztietako anbulatorioa da bat, eta San Pedrokoa bestea. Bidasoaren kasuan, Irungo Erdialdeko anbulatorioa da. Covid-19aren sintomak dituzten pertsonen jarraipena egiten dute horietan; arreta telefonoz egiten saiatzen dira posible den bitartean, eta medikuarekin kontsulta presentziala egin behar dutenean, erreferentziazko zentro horietara bidaltzen dituzte bi eskualde horretako herrietako biztanleak. Iztietako anbulatoriora, Errenteria-Oreretako, Beraungo —auzo horretan beste anbulatorioa badago ere arnas gaixoak Iztietara bideratzen dituzte—, Lezoko eta Oiartzungo pazienteak artatzen dituzte, beti ere, lehenengo beraien anbulatorioan telefono kontsultak eginda ohiko medikuak hala erabakitzen badu. San Pedrokoaren kasuan, Pasai eta Trintxerpekoak bideratzen dituzte, kontsulta presentziala beharrezkoa den kasuetan.
Bidasoakoaren kasuan, Jesus Compadre Bidasoa Ospitaleko komunikazio arduradunak zehaztu duenez, Irun Erdialdeko anbulatorioan artatzen dituzte arnas gaixotasunak dituzten irundarrak, baita paziente pediatrikoak ere. Gainontzeko gaixoak, Dunboa anbulatorioan artatzen dituzte edo PACean, arreta jarraituko zentroan, alegia. Hondarribiaren kasuan, bertako anbulatorioak egiten die arreta.
Eider Alberdi Iztietako anbulatorioko arduraduna da, eta Elene Oiarzabal anbulatorio berean Covid-19arekin gaixotutakoak artatzen dituen familia medikuetako bat.
Telefonoa, lehen bidea
Erreferentzia zentroa izatearen esanahia azaldu dute biek. Erreferentzia zentroa presentzialki baloratzea behar duten pazienteei begirakoa dela azaldu dute, «fisikoki ikusi eta aztertu behar ditugun pazienteentzako da erreferentziazko zentroa. Printzipioz arnas aparatuko sintomak dituzten pertsonak, eztarriko mina, sukarra, eztula, arnas estua saiatu beharko lukete telefonoz kontaktatzen ez badaude oso gaizki, behintzat».
Lehenengo balorazio hori, telefono bidez egiten dena, bakoitzari bere zentroan egiten zaiola azaldu du Oiarzabalek, «Oiartzungoek Oiartzungo anbulatoriora deitu behar dute. Bertako medikoek ikusten badute paziente horrek arreta presentziala behar duela, kasu horretan Iztietara bideratuko dute». Irizpide hori nabarmendu dute, “kasu guztietan, ahal dela telefonoz egin behar da beti lehenengo kontsulta norberaren anbulatorioan eta bertako medikoek erabakiko dute erreferentzia zentroetara bideratzea edo ez, eta kontsulta presentziala beharrezkoa den edo ez ere erreferentziazko zentro horietan azalduko diete.
Une honetan Iztietan dauden langileen erdia ari da anbulatorioaren bigarren pisuan ezarri duten zerbitzu horretan lanean Covid-19ak gaixotutakoekin, «lau sendagile eta lau erizain ari gara. Baina horrekin batera, egunero, Lezo, Oiartzun eta Beraungo anbulatorioetako mediku bat etortzen da. Beraiek Errenteria kanpotik heltzen diren bisitak artatzen ditu». Lan gehiena telefonikoa dela azaldu du Oiarzabalek, «deitzen duten pazienteak daude, baina horietako batzuk ere jarraipena behar dute eta ahal den neurrian telefonoz egiten dugu jarraipen hori ere, nola dauden ikusteko».
Bestelako pazienteak ere, telefono deien bidez artatzen saiatzen ari dira, baina batzuk, jarraipen presentziala behar dutela zehaztu dute, «ezinbestekoa», sintrona hartzen duten pazienteena kasu, «hemen artatzen jarraitzen dugu, baina bigarren solairua arnas aparatuaren gaixotasunei lotutakoa da, eta beste pazienteak lehenengo solairuan artatzen ditugu».
Erreferentzia zentroa izendatzeak zein eragina izan duen bertako langileen gainean ere azaldu dute: «Zentroa berrantolatu dugu goitik behera. Arnas plantan dauden medikuek ez dituzte beren pazienteak ikusten, kontsulta normalak egiten dituzten sendagileak bere gain hartzen ari dira mediku horien pazienteak ere. Gehienak esan bezala, telefono bidezkoak dira. Guk beti buruan dugun ‘nire medikua’ ideia hori ez da existitzen, pazientea artatuko du tokatzen zaion medikuak. Behin behinekoa da, eta hau amaitzen denean dena itzuliko da bere onera».
Pediatria berrantolatu
Pediatria zerbitzua ere berrantolatu egin behar izan dute eta arnas aparatuaren sintomak dituzten Errenteria-Orereta, Lezo, Beraun eta Oiartzungo haurrak artatzen dituzte Iztieta anbulatorioan. Bestelako kontsultak berriz, «errebisioak eta txertoak beste anbulatorioetan egiten dituzte, ez dagoelako pediatriaren kasuan bi solairutan bereizteko aukera gure zentroan, oso zaila da korridore bat sektorizatzea. Hala ere asko murriztu da haien kasuan ere kontsulta presentzialen kopurua».
Irunen ere arnas gaixotasunekin lotutako pazienteen kontsultak Irun Erdialdeko anbulatorioan egiten ari direla zehaztu du Compadrek, “bestelako gaixotasunak berriz, Dunboako pediatriara bideratzen dira”.
Jendea orokorrean errespetatzen ari dela lehen kontsulta medikoak telefonoz egiteko irizpidea esan du Oiarzabalek, «etxean jarraitzera deitzen ditugu eta telefonoa erabiltzera anbulatorioarekin harremanetan jartzeko, etorri ordez».
Sentsazioa ona dela eta herritarrak fin ari direla esan du Alberdik ere, «errespetatzen ari dira eskatutakoa, gure indikazioak ongi hartzen dituzte».
Denbora kontua dela erantsi du Oiarzabalek, «irauten duena iraungo du eta gero buelta ematea egokituko zaigu, lehen zenera itzultzeko. Ondo ari dira eta pazienteak, arduraz eta eskatutakoak betetzen oro har, eta berdin jarraitzera deitzen ditugu»