Bilera telematikoa egin dute Gipuzkoako agintariek eta hainbat alkatek
Txomin Sagarzazu alkateak jakinarazi duenez, arlo ezberdinetan hartutako erabakiak partekatu ahal izan dituzte diputazioak eta udalerriek.
Covid-19 birusaren aurrean hartutako erabakiak eta neurriak azaldu diote elkarri Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurraldeko zenbait alkatek gaur eguerdian telematikoki egindako bileran. Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak azaldutakoaren arabera, «administrazioek egoera berriari modu koordinatuan ekiteko proposamena egin digute aldunditik».
Hori horrela, gizarte, enpresa, nahiz ekonomia arloetan, eta hondakinen kudeaketan aldundiak hartutako lehen neurrien berri izan dute udalek. Halaber, neurri sortak zer nolako eragina izango duen udal finantziaziorako foru funtsean (FOFIM gazteleraz) zehaztu dute diputatuek.
Gaurko bileran diputazioaren izenean aritu dira, besteak beste, Markel Olano Diputatu Nagusia, Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko foru diputatua, Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua eta Maite Peña Gizarte Politika saileko foru diputatua. Alkateen parte hartzea, bestalde, eskualdeka antolatu dute eta ordezkaritza izan dutenen artean, daude: Beterri-Buruntza, Oarsoaldea, Debabarrena, Urola Erdia, Bidasoa, Debagoiena eta Urola Kosta.