Sasoiarekin zer gertatuko ote den kezkatuta agertu dira arrantzaleak
Arrantzarako sasoia igarotzen bada euren egoera zaildu egingo dela onartu du Eugenio Elduaienek; gainera, lehen sektoreko jarduera izanda ezin dutela salbuespen neurririk hartu deitoratu du.
Koronabirusak eragindako osasun larrialdi egoerak zer nolako eragina izango duen arrantza sektorean ez du bat ere argi Eugenio Elduaien Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko presidenteak eta arrantzale hondarribiarrak. Kezkatuta agertu da egoerarekin ez baitago argi apirilaren erdialderako normaltasunez ekin ahal izango dioten berriz ere arrantzari, eta oso sinpleki azaldu du egoera: «Arrantzarako sasoi onak direnak pasatzen badira akabo guretzat».
Kai berrian daude, geldirik, Hondarribiko barku gehienak. Ingura sareekin ibiltzen direnak berdelaren kupoa beteta apirilaren 13ra arte gelditzeko erabakia hartu zuten, ez soilik bertakoak, Kantauri itsasoko flota osoak baizik. Amuarekin arrantzatzen duten barku hondarribiarrak bestalde, itsasoan daude, nahiz eta aurki beteko duten kupoa eta lehorrera itzuli beharko diren.
Larrialdi egoerak ezarritako prebentzio neurriek batetik, eta arrainaren salmenta prezio baxuek bestetik, eraman zituen barku handiak portura orain dela astebete pasatxo. Jatetxeen itxierak salmentak zeharo merkatu ditu, eta horrek ez diela errentagarritasunik ematen aitortu du Elduaienek, «apirila erdira arrisku egoera geldituta egongo dela pentsatzen dugu, eta beraz, erabakia hartu zen Kantauri itsaso guztiko barkuak geldirik egotea hiru astez».
Egoera honi guztiari martxoak 29ko 10/2020 Errege Dekretuak zehaztutakoa gehitzen zaiola azaldu du arrantzaleak, hain zuzen, lehen sektorearen barruko «ezinbesteko» jarduera dela arrantza. Hortaz, aldi baterako erregulazio espedientea aplikatu ahal izatea edo bestelako diru-laguntzarik eskatzea ukatzen die dekretuak.
Etorkizun hurbila
Apirilaren erdialderako normaltasunez aritzeko gai izango ote diren ez du ziurtzat jo Elduaienek, «oso airean dago dena». Antxoara ateratzekoak dira datorren hilabetean, baina ez dagoela soilik haien esku onartu du, kontserba lantegiak eta jatetxeak %100ean aritu beharko direla lanean. «Bestela posible da gertatu guk arraina ekartzea lehorrera, eta oso merke saltzea edo ez saltzea», esplikatu du.
Osasunerako prebentzio neurriei dagokienez, itsasoratzeko momentua iristen denerako maskarak eta norbera babesteko jantziak jaso izana espero du. Hala eta guztiz ere, barkuan zaila dela segurtasun distantziak gordetzea onartu du, «ez da fabrika batean bezala». Asko mugitzen direla dio Elduaienek, eta arrantza momentuetan denak elkartzen direla. Leku komunetan ere ez dela posible segurtasun distantziarik bermatzea aitortu du: «Bere arazoak izango ditugu irteten garen egunean. Orain dela astebete pasata nola ginen ikusita, itxoin, ea puntu gorena nola pasatzen den eta apirila erdialdetik aurrera ea dena errazagoa izaten den».