Laurogei urtetik gorako herritar guztiekin hitz egin dute Gizarte Zerbitzuek
Bakarrik bizi diren 75 urtetik gorakoekin ere jarri dira harremanetan haien egoera zein den ezagutzeko; orain, adin bereko baina bakarrik bizi ez direnekin kontaktatzen ari direla zehaztu du udalak.
Adineko hondarribiarren egoera zein den jakiteko helburuarekin, laurogei urtetik gorako herritarrekin harremanetan jarri da Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen departamentua. Bakarrik bizi diren 75 urtetik gorakoekin ere dagoeneko kontaktatzea lortu dutela zehaztu du Gotzone Larrarte arloko arduradunak, eta uneotan, adin bereko baina bakarrik bizi ez direnen egoera ezagutzeko ahalegina egiten ari direla gaineratu du.
Iniziatibak «oso harrera ona» izan duela nabarmendu du Larrartek, «momentu zailak bizitzen ari dira eta beti da eskertzekoa halako dei bat jasotzea».
Zenbait herritarrek erosketak egiteko, farmaziara botika bila joateko edota zaborra ateratzeko beharra zutela-eta laguntza eskatu dutela ohartarazi du zinegotziak. Laguntza kasu gehienak Gurutze Gorrira bideratu dituzte Gizarte Zerbitzuetako kudeatzaileek, eta beste bi eskari ordea, Nagusilan adinekoen elkartearen Zilarrezko Haria programara zuzendu dituztela jakinarazi dute.