Eta udaberriarekin elurra iritsi da Jaizkibelera
Aurreko asteko udaberri giroa negu betean bihurtu da azken orduetan. Hondarribian elur gutxi bota duen arren, Jaizkibel mendia zertxobait zuritzeko adina izan da.
Ez du adina elur bota Hondarribian herriko kaleak eta txokoak erabat zurituta ikusi ahal izateko. Iragarri bezala, Europatik iritsitako fronteak gogor astinduko du Euskal Herria datozen egunotan, udaberria ezkutaraziz, eta negu beteko giroa berriz ere erdigunean jarriz. Eta hala izan da. Kazkabar, elur, elur-ur eta euri artean goiko irudia utzi die herritarrei Jaizkibel mendiak gaur goizean.
Euskalmetek zabaldutako informazioaren arabera, prezipitazio ugari eta ekaitzak nagusi izango dira goizean zehar. Arratsaldean, berriz, lasaitzera joko du giroak eta gaualderako euria etetea iragarri du euskal klimatologia agentziak. Halaber, tenperaturek beherako joera mantenduko dutela ere adierazi du, eta gaurko egunean 2ºC eta 7ºC artean mantenduko dira. Elur maila 300 eta 500 metro artean egongo da.