«Azokak neurri jakin batzuekin irekiak mantendu daitezkeela uste dugu»
Larrialdi egoerak iraun bitartean lehen sektorea babesteko eskaera egin diete Bidasoa Km 0 egitasmoko kideek erakundeei.
Bidasoa KM 0 egitasmoak larrialdi egoeraren gaineko irakurketa egin nahi izan du. Aurrekaririk gabeko egoera honetan elikadurak «berebiziko balioa» duela uste dute, eta horregatik, zenbait eskaera egin dizkiete erakundeei.
«Udalek, eraikin publikoak ixterakoan, azokak ere itxi dituzte, dituen ezaugarriak eta honek lehen sektorean, jada ahula dagoena, izan dezakeen ondorioak kontutan hartu gabe. Supermerkatuak irekiak mantentzea erabaki bada, azokak neurri jakin batzuekin irekiak mantendu daitezkeela uste dugu», adierazi dute.
Horregatik tokian tokiko protokolo egokiak garatzea eta lehenengo sektorea babestea eskatu dute, «salmenta gune garrantzitsu hauek irekita mantentzeko inolako arazorik ez dagoelako».