Tasa eta zergen gaineko neurri gehiago hartu ditu udalak
Familia, enpresa eta ekintzaileei laguntzeko neurri gehiago hartzera behartu du larrialdi egoerak.
Koronabirusaren larrialdi egoerak azken egunotan tasa eta zergen gaineko neurriak hartzera behartu du Irungo Udala. Atzo (hilak 26) hiriko merkataritza eta ostalaritzari laguntzeko hartutako neurriak aurkeztu bazituen, gaur (hilak 27), familia, enpresa eta ekintzaileei laguntzeko hartuko dituzten neurrien berri eman dute.
Argi berdea eman diote gaur neurri sorta berriari. Lehenik, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga ordaintzeko epeak luzatu dituzte; abuztuaren 1etik irailaren 15era bitarte egin beharko da. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergari dagokionez, ekainaren 1era bitarte luzatu dute ordainketa egiteko epea. Azken zerga hau bezala, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zerga eta Natur Eremuko Landen Balioaren Gehikuntzaren gaineko zerga ere ekainaren 1era bitarte ordaindu daiteke.
Era berean, larrialdi egoeragatik itxi behar izan duten zerbitzuak laguntzeko ondorengo neurriak hartu dituzte:
- Haur Eskolako kuotaren likidazio prozesua gelditzea (martxoari dagozkion otorduak eta asistentzia).
- Irakaskuntza zentroetako kuotak kobratzeko prozesua gelditzea.
- Haur Eskolako martxoko kuotaren likidazioa, berriz ere zerbitzua martxan jartzean.
- Udal Marrazketa Akademia, Zeramika Tailerra, Euskaltegia, Musika Eskola eta Kontserbatorioan abonatutako kopuruaren itzulera, berriz ere zerbitzua martxan jartzean (itxita egon diren garaiari dagokion kopurua).
- Bide publikoa okupatzeagatik tasaren ordainketa etetea, berriz ere ireki arte.
- Eskola Kirola eta ludotekako kuotak bertan behera geratu dira, eta larrialdi egoera amaitzerakoan itzuliko dute ordaindutako kuota.
Tasa eta zergen gaineko informazio gehiago, lotura honetan.