Agertoki hutsen oihartzuna
Covid-19 birusak musika emanaldi guztiak bertan behera uztera derrigortu ditu artistak. Sormena areagotzeko, plataforma digitalak erabiltzeko eta neurriak aldarrikatzeko garaia da askorentzat.
Agertokietara igotzeko ezintasuna ekarri die koronabirusak musikariei. Larrialdi egoerak hala aginduta, birak, kontzertuak, aurkezpenak eta beste hamaika ekitaldi bertan behera uztera behartuta ikusi dute euren burua. Etxean konfinatuta geratu dira musika eragileak, nahiz eta batzuentzako besteentzat baino eramangarriagoa den egoera.
Normalean etxetik lan egiten duela azaldu du Eneritz Furyak bakarlari irundarrak, eta zentzu horretan, egoera ez zaiola «hain arraroa» iruditzen onartu du. Etorkizun hurbilean gerta daitekeenak, ordea, urduritasunera daramala aitortu du. «Ez dakit zer gertatuko den datozen hilabeteetako kontzertuekin eta kulturaren bizirauteko gaitasunarekin», esplikatu du. Are gehiago, egoera orokorrak kezka eragiten diola adierazi du, herritar orok ez baititu baliabide berberak eskura, eta ondorioz, gizarte ezberdintasunak areagotzen ari direla uste du.
Bi kontzertu bertan behera utzi behar izan ditu momentuz bakarlariak, bata Irungo Lakaxita gaztetxean, eta bestea, Donostiako Be Clubean. «Momentuz bi horiek dira», azaldu du, «baina apirilean beste bizpahiru ditut kolokan». Maiatzerako aurreikusitako birarekin ere kezka agertu du, ez baitago ziur egoerak onera egingo duen. Ekaina hasiera bitartean, denera, dozena bat kontzertu egon daitezke kolokan haren ustetan.
Larrialdi egoerak luzera joko duen jakiteko goiz da oraindik, baita kultur eragile bakoitzarengan izango duen eragina zehazteko ere. Furyakek, baina, argi dauka emanaldi dozena hori bertan behera gelditzeak hilabeteotako soldatarik gabe geratzera eramango duela. «Badut beste diru iturri egonkor txiki bat, baina hori ere autonomo bezala. Kuota nahiz BEZ ordaindu eta gero, 200 eta 300 euro artean geratuko litzaizkidake hilero. Zorionez, nire buruaz gain, ez diot inori jaten eman behar. Badago okerrago pasako duenik, tamalez», deitoratu du bakarlariak.
Publikoarengana iristeko sormena areagotzearen beharraz galdetuta, argi dauka Furyakek lehentasuna momentu honetan ez dela hori. «Une honetan soldatarik gabe geratu diren sortzaile asko ditut inguruan», adierazi du, eta ildo horretan garrantzitsuena harentzat uneotan da «gure [artisten] oinarrizko eskubideak bermatuko dituen sistema bat behingoz lortzea». Izan ere, kultur eragile askok ziurgabetasun handiarekin lan egiten dutela ohartarazi du, «autonomo garenok halako kantzelazio masiboen aurrean inolako babesik gabe gaude», eta «zer esanik ez beltzean aritzen direnez», gaineratu du.
Sareetara bideo batzuk partekatzeko eta zuzenekoren bat eskaintzeko asmoa daukala onartu du. Baina kexu da, herritarrak sortzaileekin soilik asperduragatik oroitzen direla uste duelako, «eta gauzak musu-truk egiteko eskatzen diegu». Horrek gatazka sortzen diola barrenean onartu du, izan ere, isiltasuna baliatzen ez jakitea norbera bere buruarekin egoteko leporatu die herritarrei. Horrek guztiak proposamen batzuk onartzera eta batzuk ukatzera eraman duela aitortu du.
GPKren bira bertan behera
Egoera honen beste adibide bat da Gorpuzkingz (GPK) talde hondarribiarra. Aspertuta daudela konfinamenduarekin onartu dute, baina egoera ikusita ezin direla kexatu gaineratu du Zakil Onil abeslariak. Alemanian bira egitekoak ziren apirila hasieran, eta ondoren, Euskal Herriko eszenatokietara itzultzeko asmoa zuten. Momentuz, ordea, Berlin inguruan eskaintzekoak ziren emanaldiak bertan behera geratu dira. Abeslariak dioenez, ez dago beste aukerarik, «azkenean denek gauza bera egin dute ezin direlako kontzertuak egin egun hauetan». Hala, Alemaniako birari aurrerago heldu ahal izateko itxaropena agertu du Onilek, «ea zorte pixka batekin alardeak ere bertan behera geratzen diren», gaineratu du.
Aurrera begira maiatza eta ekaina aldera antolatutako kontzertuak mantendu ahal izatea espero dute, nahiz eta ezjakintasuna den nagusi haientzako ere: «Ez dakigu nola amaituko den hau dena, eta denak bezala airean gaude gu ere». Ikusteko dago egoerak nola egiten duen aurrera, baina gauza bat argi dute taldeko kideek: «Hau ez da gizakion amaiera».
Zentzu horretan, Skype bidez ari dira entseguen erritmoa mantentzen, nahiz eta egun, sormen momentu batean murgilduta dauden. «Big Txikik musika base berriak bidaltzen dizkigu eta guk lantzen ditugu, beraz, egia da momentu honetan ez ditugula kanta zaharrak hainbeste entseatzen, ahal dugun heinean gauzak sortzen goaz», erantsi du. Zaleentzako hitz batzuk gorde ditu Onilek: «Alaitzeko eta jendea laguntzeko, gobernuz kanpoko erakunde (GKE) bat bagina bezala lan egiten dugunez, kontzertu oso bat eskegi dugu Youtuben».
Lainotik, Youtubera
«Batzuk etxean denbora pasa, beste batzuk ahal den moduan etxetik lanean, eta gutako bat egunero lantokira joaten da». Hala igarotzen dute Lanbroa talde bidasoarreko kideek konfinamendua. Zeharo aldatu da Hondarribiko eta Irungo musikari hauen agenda osasun krisia hasi zenetik, Txio izenpeko lehen diskoa aurkeztu behar baitzuen taldeak hil honen bukaeran. Planak «zapuztu» egin direla onartu du Eneko Lekuona taldekideak, baina sareetan, aurreikusitako aurkezpen datak mantenduko dituztela ziurtatu du. Hala, iragan astean norberak bere etxean grabatutako Ixilik kanta Youtube sare sozialean ezagutzera eman bazuten, atzo, ostegunarekin, diskoaren aurkezpena egin zuten Interneteko plataforma nagusietan.
Egoera iraultzeko sormena areagotzea ezinbestekoa dela iritzi dio Lekuonak, nahiz eta onartu duen ez dela beti erraza, «baina bai onuragarria». Konfinamenduak norberak bere gustuko dituen gauza asko egiteko parada eskaintzen du haren ustetan, esaterako, «gitarra hartu, margotu, irakurri, idatzi, janaria prestatu, Netflix ikusi… Gauza da sormena aske uzteko burbuila batean sartzea, kanpokoez aparte etxekoez ere bakartzea». Egoera honetan zenbait ideia berri lantzen hasi direla aurreratu du, «akorde berri batzuk, hitz berriak, melodiak…».
Lanaren hedapenean lagungarriak izan daitezkeen sare sozialak «dakigun moduan» erabiltzen ari direla aitortu du, «ez dauzkagu hamabost urte eta sumatzen da ez garela oso trebeak tresna horiekin». Halere, Facebook, Instagram, Youtube eta Whatsapp bidez saiatzen ari dira publikoarengana iristen. Entseatzeari dagokionez, berriz, bateria joleak ez dauka bateriarik etxean, eta beraz, denak elkarrekin egitea «zaila» dela erantsi du, «gainontzekook nahi dugunean grabazioen gainean jotzen dugu eskua ez galtzeko».
Hemendik aurrera, zer?
Covid-19aren ondorioak neurtezinak dira oraindik kulturaren munduan. Egoera arintzeko neurri gisa autonomoen kuota eta BEZ ez ordaintzea krisiak iraun bitartean planteatu du Furyakek. Aurrera begira, berriz, artisten egoera «prekarioarekin» amaitzeko neurriak har ditzatela eskatu die agintariei. Kulturaren balioaz hausnartzera gonbidatu ditu, halaber, herritarrak: «Ez da une txarra horretarako, etxean geratu, musika entzun, film bat ikusi… Eman diezaiogun merezi duen balioa horri». Krisia amaituta, laguntzeko aukera duenari erositako sarrerak ez itzultzeko eskatu du, baita musika digitala erostea edo streaming bidez entzutea ere.
Musika sareetan kontsumitzen lagun dezaketela herritarrek aipatu du, bestalde, Lekuonak. Eta egoera konpontzen denean, ordea, kontzertuak antolatzen edota horietara joaten lagun dezaketela iritzi dio, azken finean, norbera bere aukera ekonomikoen arabera taldeak «pitin bat» sostengatzeko. Normaltasuna noiz itzuliko ote den da, haien aburuz, kontua.