Zergak atzeratzeko erabakia hartu du udalak
Covid-19ak eragindako egoera ekonomikoa medio, egutegi fiskala egokitzea eta etxebizitza zein ibilgailuei dagozkien zergak atzeratzea erabaki du udalak.
Hondarribiko udal zergak atzeratzea eta beraz, egutegi fiskala egokitzea erabaki duela udalak jakinarazi du gaur goizean Txomin Sagarzazu alkateak. Herritarren eta enpresen egoeraren «jakitun» direla adierazi du agintariak, eta zentzu horretan, lehen urratsa egitea erabaki dutela gaineratu du.
Hala, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) hasiera batean maiatzaren 15etik uztailak 1era bitartean ordaindu behar zen arren, epea abuztuaren 1etik irailak 15era aldatu dutela jakinarazi du alkateak.
Ibilgailuak igarotzeari dagokiona, martxoaren 30etik maiatzaren 29ra bitarteko ordainketa epea irailaren 1etik azaroak 9ra atzeratu dute.
Azkenik, gaur egun abian dagoen Trakzio Mekanikoen Ibilgailuen eta Taxien Zergaren ordainketa epea irailak 15 arte luzatu dutela ere zabaldu du agintariak.
Legeari jarraituz, egutegi fiskalaren modifikazioa indarrean sartzeko jendaurrean ezagutzera ematea ezinbestekoa da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuz. Edozein zalantza izanez gero, BAZekin harremanetan jartzeko eskatu die Sagarzazuk herritarrei 943111213 telefono zenbakian edo ondoko posta elektronikoan.