Egiluzeko ikasleen 'Aniztasunaren koloreak' ONCEren Gipuzkoako irabazle
'ONCE upon a time. Guztion begiradatik' lelopean, aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioaren aldeko bandera eta ereserkia sortzea izan da fundazioak ikasleei botatako erronka.
ONCE Gizarte Taldearen 36. Eskolarteko Lehiaketaren lurralde fasea irabazi dute Hondarribiko Egiluze Hijas de la Cruz ikastetxeak eta Donostiako Axular Lizeoak. ONCE upon a time. Guztion begiradatik lelopean antolatu du txapelketa fundazioak, eta ikastetxe hondarribiarraren DBHko 3. mailako ikasleak izan dira garaile bere kategorian.
Aniztasunaren koloreak izenburupean, hiru zutabetan oinarrituta dago Egiluzeko ikasleen diseinua: beltza, kolore anitz eta zuria. Emandako azalpenaren arabera, beltzak iluntasuna irudikatzen du, ortzadarraren koloreek osaketa, eta zuriak, argia. Beltzaren gainean marraztutako pertsona itsua da, eta horregatik da iluna bere ingurua eta itsuen ikurra dauka bularrean. Beltzez margotutako pertsonak ez du aniztasun funtzionalik eta argitasunaren gainean kokatu dute horregatik. Bi figurek eskura ematen dutenean ordea, koloreen leherketa ematen da, batak bestea osatzen du eta alderantziz, eta mundua mugiarazten dute elkarrekin.
Lehiaketa
Oncek botatako erronkaren arabera, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek zein Hezkuntza Berezikoek aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioaren aldeko bandera diseinatu behar zuten, eta Batxilergoko eta Lanbide Heziketakoek aldiz, ereserkia.
Euskal Autonomia Erkidegoko lehiaketan parte hartuko dute orain Egiluzeko ikasleek eta hori irabaziz gero, Espainiako txapelketan lehiatuko dira.