Otsaileko eta martxoko fakturazioa bertan behera utzi du Txinzerrek behin-behinean
Apirilaren bigarren hamabostaldian egingo den batzarrean hartuko du faktura horien gaineko behin betiko erabakia mankomunitateak.
Txingudiko Zerbitzuak-ek (Txinzer) koronabirusaren krisiaren aurrean hartutako erabakien berri eman du gaur goizean hedabideetara igorritako ohar batean. Ur hornidura eta hondakinei dagozkien otsaileko eta martxoko fakturak behin-behinean bertan behera uztea erabaki dute Jose Antonio Santano Txinzerreko presidenteak, Txomin Sagarzazu lehendakariordeak eta Leire Zubitur erakunde publikoko gerenteak gaur goizean telematikoki egindako bileran. Apirilaren bigarren hamabostaldian egingo den mankomunitateko batzarrean hartuko dute agintariek faktura horien gaineko behin betiko erabakia.
Apirilaren 1ean kobratzekoa zen otsailari dagokion kontsumoa, eta hori atzeratzeaz gain, momentuz, martxoko fakturazioa ez dela aurrera eramango azaldu dute. Zabaldutako informazioaren arabera, Covid-19aren krisiak tokiko ekonomian eragin ditzakeen ondorioak arintzea bilatzen du mankomunitateak, batetik, familia zaurgarrienak babesteko, eta bestetik, merkataritza zein ostalaritza jarduerek pairatutako kalteak apaltzeko.