Irunen nabarmen gora egin dute koronabirus kasuek
Hilaren 22tik atzora 13 pertsona gehiago daude eri Covid-19 birusagatik. Berri ona: Bidasoko Ospitalean zegoen gaixo bati alta agiria eman diote.
Osasun Sailaren azken datuen arabera (hilaren 23ko 20:00etako zifrak dira), eta 22ekoekin alderaketa eginez, nabarmen egin du gora Irunen Covid-19agatik eri direnen kopuruak: denbora tarte horretan 13 kasu konfirmaturen berri eman du Osasun Sailak. Martxoaren 18an datuak herriz herri ematen hasi zirenetik, Irunek izan duen igoerarik handiena, era nabarmenean gainera, izan da. Hondarribian ez da kasu gehiagorik izan.
Honakoak dira Irun eta Hondarribiko kasu konfirmatuak martxoaren 23ko 20:00etan (parentesi artean, hilaren 22ko datuak)
- Irun: 46 (+13).
- Hondarribia: 5 (=).
Bidasoko ospitalean, gaixotasunagatik bederatzi pertsona daude ingresatuta.Datu baikorra: azken orduetan pertsona bati alta eman diote, gainditu egin du gaixotasuna.
Bestalde, Irungo Caser Residencial Anaka egoitzan dauden 14 kidek dute gaixotasuna (horietako bi, larrienak, Donostiako Gurutze Gorriaren Ospitalera eraman dituzte), eta Hondarribiko Residencial Betharram egoitzan, berriz, beste hiruk dute. Bestalde, Hondarribiko Uliazpi egoitzan sei dira koronabirusa dutenak.
Eider Mendozak Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak atzo esan zuenez, “beharrezkoak diren neurri guztiak” ari dira hartzen egoitzetan. Hain zuzen, eta Caser Residencial Anaka zentroari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileen zerbitzuak instalazioen desinfekzioa burutu zuen atzo, eta espezializatutako enpresa batek gela guztien garbiketa espezifikoan sakonduko zuen. Era berean, Mendozak jakinarazi zuen beharrezko detekzio froga guztiak egiten ari direla, bai pertsona erabiltzaileen artean, eta baita profesionalen taldean ere. Egoitzak, gainera, “babeserako behar duen material guztia” du eskura, eta lantaldea indartu dute “egoera konplexu honi aurre egiten jarraitzeko”.
Jarraian dagoen koadroan, kasuen bilakaera herriz herri hilaren 18tik.
Osasun Sailak eman berri duen informazio txosten osoa, beheko estekan.