Hegaldi komertzial guztiak eten dituzte Air Nostrumek eta Vuelingek
Madrilekin konexioa gutxienez hilaren 30era arte etenda egongo dela jakinarazi du Air Nostrum konpainiak; Vuelingek ez du Bartzelonara bidaiarik egingo maiatzera bitartean.
Aenak ez ditu Hondarribiko Aireportuko ateak itxi, baina Air Nostrum eta Vueling konpainiek hegaldi guztiak bertan behera uztera behartuta ikusi dute haien burua. Madrilekin egiten du konexioa Air Nostrumek, eta gutxienez hilaren 30era arte ez duela zerbitzurik eskainiko adierazi du. Vueling konpainiak bere aldetik maiatza hasierara arte atzeratu du Bartzelonako linea berreskuratzea.
Larrialdi egoerak ezarritako zirkulazio murriztapenek jarduera ekonomikorik gabe utzi ditu aire konpainiak. Horren adibide da Air Nostrum, konpainiak aurkeztutako enplegua aldi baterako erregulatzeko dosierra. Beharginen %100ari zuzenduta dago txostena, 1.439 langileri zehazki, hiru hilabeteko eperako.