Udalak bertan behera utzi du 47 zuhaitzen mozketa
Egindako presioari esker, luzamendu bat lortu dute Artiako Lagunek. Halere, oraindik ere udalaren asmoa guztiak moztea dela salatu dute.
Artiako lagunek euren helburua lortu dute oraingoz, azken asteetan egindako presioak fruituak eman ditu. Izan ere, Juan Thalamas Labandibar kaleko 47 ezkien mozketa bertan behera utzi du Irungo Udalak. Taldetik jakinarazi duten bezala, Bide Publiko, Hirigintza eta Etxebizitzako ordezkari Jon Ugarteren erantzuna jaso dute jada, Jokin Melida zinegotziak (EH Bildu) alkateari eta Ugarteri hainbat luzamendu eskatu ostean. Beraz, momentuz bertan jarraituko dute 47 ezkiek.
Zuhaitzen mozketa ez egitearen arrazoia Covid-19ak eragindako egoeraren ondorioa izan dela argudiatu du udalak.
«Laburbilduz, Artiaren ezkiak berriro berde egongo dira udaberri honetan! Eskerrik asko sinatzaile guztiei zuen babesagatik. Zuek gabe, bihar bideoan mozketa grabatuko genuke gure leihoetatik», diote taldeko kideek.
Mozketa oraingoz gelditu arren, luzamendu bat lortu dutela nabarmendu dute, beraz, eskaerak ildo beretik jarraituko duela. Horregatik udalari bilera eta bigarren txosten bat eskatu diote, betirako gelditu dezan proiektua.