Soka eten ez dadin
Euskal presoak bisita eta aurrez aurrekorik gabe daude alarma egoera ezarri zenetik; egunkariak jasotzeari ere utzi zioten aurreko astean.
Dispertsatuta, etxetik ehunka kilometrora kasu gehienetan eta orain Covid-19ak eragindako osasun larrialdiaren harira, etxekoekin eta lagunekin zituzten harreman bideak etenda aurkitzen dira euskal presoak. Ohikoa baino isolatuago, ohikoa baina bakartuago, eta beren familia eta lagunengandik, beren herritik are urrunduago.
Aurrez aurreko eta bisitarik izan ez duten bigarren asteburua izan dute aurrekoa. Horren ordez, zortzi minutuko beste lau dei onartu dizkiete astean; horien bidez dute senide eta lagunen berri, etxekoak ondo diren eta beren herrietako egoera zein den jakiterik. Egunkariak ere ez dira heltzen, segurtasuna bermatzeko neurrien harira, pasa den astetik. Espetxeetara, funtzionarioak baino ez dira sartzen kaletik. Espetxe barruan, baina, ez omen da protokolorik presoren bat gaixotu eta koronabirusarekin bateragarriak diren sintomak baditu, hura isolatu egiten dutela azaldu zion HITZAri pasa den astean Onintza Ostolaza abokatuak.
Bakartzearen areagotzearen aurrean, idaztera deitu ditu herritarrak Sare Herritarrak, “konfinamendua nola daramagun, zer suposatzen duen, zer gertatzen ari den gure herri, kale eta etxeetan, eta finean gure egunerokoa nolakoa den kontatzea eskatzen dugu, are bakartuago senti ez daitezen. Elkartasuna erakustera deitu ditugu herritarrak, finean”.
Salbuespen legedia amaitzeko eskaera
Sarek gainera, nazio deialdia egin du ostiralerako. Hilaren 27an, bisitan joan ezin diren guztiekiko elkartasunez eta espetxeetan euskal presoei ezartzen dieten salbuespen legediarekin amaitzea exijitzeko saio berezia egingo du facebookean.
Aldarrikapen horrekin argazkiak egin eta ostiralean 19:30ean sare sozialetan zabaltzeko eskatu du Sare Herritarrak ondoko traolak erabilita: #EtxeanNahiDitugu #nietxeangeratukonaiz