Ordubetez hiria itzaltzeko deia egin du udalak
Planetaren Ordua egitasmoarekin bat egin du beste urtez batez udalak. Hiriko zenbait eraikin itzaltzeaz gain, herritarrak ere euren etxeetako argiak itzaltzera gonbidatu dituzte larunbatean.
Irungo Udalak klima aldaketaren aurkako Planetaren Ordua egitasmoarekin bat egin du beste urte batez. Horregatik, datorren larunbatean (hilak 28), ordu batez Irungo zenbait eraikin itzaliko dituzte, 20:30etik 21:30era. Zehazki, udaletxeko, Menchu Gal museoko eta San Martzial elizako argiztapena itzaliko dute.
«Planetaren ordua ez litzateke klimaren aldaketaren aurkako borrokarako kanpaina handiena izango udalerrien eta udalen laguntzarik gabe. Urtero, mundu zabaleko hiriek kanpainarekin ados daudela erakusten dute monumentu eta eraikin garrantzitsuenen argiak itzaliz» adierazi du udaleko Garapen Eraginkorreko ordezkari Borja Olazabalek.
Koronabirusari aurre egiteko hartutako neurrien artean, larunbaterako aurreikusitako kaleko ekitaldi guztiak bertan behera gelditu dira. Halere, etxeko argiak itzaltzeko deialdia ere egin diete herritarrei.