«#NiEtxeanGeratukoNaiz mezuak ez du balio babesgabeenen artean»
Koronabirusak eragindako egoeraren aurrean boluntario lanak eten arren, zenbait eskera egin ditu Irungo Harrera Sareak.
Irungo Harrea Sareko boluntarioek, koronabirusak eragindako egoeraren aurrean euren jarduna bertan behera uztea erabaki zuten joan den astean. Eguneroko lana gelditu arren, tinko jarraitzen dute pertsona guztiek eskubide berberak izan ditzaten. Horregatik, zenbait eskera egin nahi izan dituzte azken egunotan.
«#NiEtxeanGeratukoNaiz mezuak ez du balio babesgabeenen artean», diote sareko kideek. Horregatik, lehenik, erakunde publikoei «babesgabe eta kolpatuenak daudenak» babesteko deialdia luzatu diete, eta bide batez, Irungo Udalak hartutako neurriak positiboki baloratu dituzte. «Erakundeei gogorarazi nahi diegu pertsona hauekin lan egiten duten taldeekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela, hartzen diren neurriak eragingarriak izan daitezen».
Era berean, Hendaiako zein Estatuko Atxikitze Zentro guztietan giltzapeturik daudenak aske uzteko neurria ontzat eman dute boluntarioek, eta berriro ez irekitzea exijitu dute. Gainera, egoera irregularrean daudenen erregulazioa eskatu dute. «Horrela bermatu ahal izango da pertsona hauek beharrezko eskubideak eta berdintasuna izango dituztela pandemia egoerari aurre egin ahal izateko. Estatuko gobernuak esan duen bezala ez badute “inor atzean utzi nahi”, hemen dute hori lortzeko aukera», gehitu dute.