Etxean «giltzapean» egindako film laburren festibala antolatu dute
1. Kortovirus Filmfest jaialdiak sormena erabiliz isolamendu egoerari aurre egitea du helburu nagusi. Parte hartzeko interesa duten lagunek hilaren 28ra arteko epea izango dute.
Larrialdi egoeran, Moskuko etxebizitza batean, «giltzapean», grabatu zuten Quiero salir de aquí film laburra Ramon Zabalegik eta Laura Morinek. Lagunen artean zabaldu zuten lan hura, eta bueltan beste bat egiteko eskatu zieten lagun horiei, nahiz eta ideia are gehiago hedatu zen, eta «pentsatu genuen zergatik ez genuen egiten festibal moduko bat eta zabaldu lagunei eta lagunen lagunei ere», azaldu du Zabalegik.
Horrela sortu da 1. Kortovirus Filmfesta, sormena erabiliz isolamenduari aurre egiteko pilula gisa. «Modu naturalean» sortu zen ideia, eta bi helburu nagusi ditu: Batetik, «egoera arraro honetan nolabait sorkuntzari indarra ematea», eta bide batez egoera «eramangarriagoa» egitea; eta bestetik, «gure artean komunikazioa mantentzeko modu bat dela azpimarratzea». Halaber, komunikatzeko modu honen aldeko apustua egin dute «hain bakarrik ez sentitzeko eta kapazak garelako gauza ederrak egiteko», erantsi dute.
Parte hartzeko
Zinemagileak eta sektoreko profesionalak izan ezik, edozeinek parte har dezakeela jaialdian nabarmendu dute antolatzaileek. Hilaren 28ra arte egongo da zabalik parte hartzeko epea, eta bi minutuko iraupena izango du gehienez bidalitako ikus-entzunezkoek. Ekoitzitako lanak ondoko helbide elektronikora bidali beharko dituzte interesdunek, izenburuarekin eta egilearen izena zehaztuz. Aurtengo gaia Etxean bezala inon ez izango da eta irabazleak datorren ekitaldiko tematiko aukeratuko du. Dagoeneko hiru ikus-entzunezko jaso dituztela jakinarazi dute, eta dirudienez, «jende dezentek» parte hartuko du.
Epaimahaiari dagokionez, hasiera batean antolatzaileek beraiek bete behar zuten epailearen rola, baina azkenean, profesionalen eskuetan utzi dute ardura hori eta. Hzla, Leire Apellaniz zinema ekoizle bilbotarra ariko da epaile lanetan, beste bi epaimahaikiderekin batera, nahiz eta momentuz, ez dute informazio hori zabaldu.