Zalantzez betetako garaia ostalarientzat
Ostalariek Covid-19ari aurre egiteko jarrera oso arduratsua izan dute, eta gehienek begi onez ikusi dituzte hartutako neurriak. Baina ohartarazi dute laguntzak eta kalte-ordainak azkar eman ezean, lanpostu asko kolokan egon daitezkeela.
Ziur asko jende gehienak koronabirusarena mehatxua seriotzat hartu zuen, tabernek eta komertzioek itxi beharko zutela jakitean. Egun gutxi batzuetan, Covid-19 gaitza, albistegietako urruneko gai izatetik, biztanleria osoaren bizitzei eragiten dion gaia izatera igaro zen. Ez zen, ordea, ezustekoa izan Fernan Cuellar Errenteria-Oreretako De Cyne Reyna tabernako jabearentzat, «Italiako eredua gertu izanda eta koronabirusa Euskal Herrian hedatzen ari zela ikusita, argi genuen itxiera denbora kontua baino ez zela». Taberna aisialdirako topagunea da Euskal Herriarentzat, kale bat giroz bete dezakeen mugarria. Orain, ordea, itxita daude eta ezezagunak badira ere, ondorio ekonomiko eta sozialak izango ditu langile eta bezeroentzat.
Ostari elkartea ostiralean batzartu egin zen, itxieraren gaiari heltzeko.
Ostalari askoren konpromisoa nabarmentzekoa da, kasu gehienetan, denen osasuna haien interes ekonomikoen gainetik jarri baitute. Errenterian tabernari asko dagoeneko prebentzio neurriak hartutakoak ziren, eta Cuellar kide den Ostari Errenteriako Ostalaritza Elkartea ostiralean bildu zen, Iñigo Urkullu lehendakariak itxiera aginduaren berri eman baino lehen: «Egoeraren larritasuna ikusita, pertsianak jaistea egin genezakeen ekarpenik onena zela erabaki genuen; aginduaren zain baino ez geunden».
Lehentasuna: soldatak
Bada, ateak itxi ditu De Cyne Reinak Oarso Bidasoko beste tabernek bezala. Gutxienez bi astez, baina jabea ziur da «uste baino luzeago» iraungo duela itxiera aginduak. Neurria beharrezkoa dela badaki Cuellarrek, baina beste ostalari guztiek bezala, ‘eta orain zer?’ galdetzen dio bere buruari. Bost langilek osatzen dute De Cyne Reynako plantilla, hortaz, hilabetero bost soldata dira ordaindu behar direnak. Tabernariak ez du zalantzarik, ordea: «Lanpostu guztiak mantentzea erabateko lehentasuna da». Errealitatea da, ordea, ez dakiela nola egingo duen, orain arte ez baitute inongo adierazpen zuzenik jaso, «dakigun guztia, iturri ofizialek hedabideetan esandakoa da». Lehen urratsa neurri sanitarioak hartzea izan da, eta hartu dira. Komenigarria da, ordea, erakundeek iragarritako laguntzak zehaztea, eta azkar iristea kaltetuei, krisi sanitarioa ez
dadin kronifikatu krisi ekonomiko batean.
Ostari elkartea ostiralean batzartu egin zen, itxieraren gaiari heltzeko.
Espainiako Estatuak 200.000 milioi euroko inbertsioa egingo duela jakinarazi zuen asteartean, Eusko Jaurlaritzak 1.000 milioikoa, eta udal askok ere laguntzak iragarri dituzte. Are gehiago, Errenteriako Udalak lehen unetik ostalariekiko izan duen «jarrera eta gertutasuna» eskertu du Cuellarrek. Hala ere, egoera gehiago oker ez dadin, neurriak lehenbailehen hartzea eskatu du, haiek ezingo baitute luzaroan horrela iraun: «Hamabost egunez eutsi dezakegu. Hortik aurrera kalte ordainik ez badugu jasotzen, eta babesik ez badugu, Aldi Baterako Lan Erregulazio
Espediente egin beharko genuke» esan du, kezkatuta. Etsipenez hitz egin du tabernariak, ez duelako oso argi nora jo, eta jakitun delako hainbat sektoretako langileak egoera berean daudela. Cuellarrena, ostalari gehienen testigantza bera da. Inork ez zuen egoera hau nahi; tabernariek ere lagundu nahi dute ondorio ekonomikoak gutxitzen. Bi gauza behar dituzte besterik ez: bermeak eta baliabideak.
Hotelen ziurgabetasuna
Tabernariek mila zalantza badituzte, zer esanik ez hoteletako langileek. Hondarribiko Palacete hoteleko kudeatzaile den Maddi Etxebestek ez du argi ere ez irekita ala itxita mantendu behar duten hotela, «ez genekien hotela ostalaritza lokalen taldean sartzen zen, ala beharrezko zerbitzu gisa hartu behar zen». Gaur-gaurkoz, eta alarma egoerak iraun arte —martxoaren 27a, testu hau idatzi den unean— itxita dago Palacete, ez inork esan dielako, baizik eta arduradunek erabaki dutelako, «osasun publikoarekiko zintzo jokatzea erabaki dugu. Bezeroak bertan kutsa litezke eta haiek gero beste batzuk kutsatu».
Bi sektoreetan laguntzak eman ezean, lanpostu asko kolokan egon litezke.
Tabernei ez bezala, asteak dira hotelak, pentsioak eta gainontzeko ostatuak koronabirusaren ondorioak nabaritzen hasi zirela. Izuak turismoari zuzeneaneragiten dio, bereziki hoteletan egindako erreserbei. Zentzuzkoa da, hein batean, eta Etxebestek esan bezala, jendearen joanetorriekin bukatzea, hotel batek gune kutsakorra izateko arriskua baitu. Horrez gain, egungo egoeran hotelak irekita jarraitzea ulergaitza da, eskaintza turistikoak etenda daudelako, «mugimenduak murriztuta badaude, ekintzarik ez bada antolatzen eta taberna zein jatetxeak itxita badaude, zer egingo dute turistek Hondarribian?», galdegin du Palacete hoteleko arduradunak. Galdera beste zentzuan ere egin liteke; zer zentzu du hotel bat irekita mantentzea ez badu bezerorik jasoko?
Gerta liteke turista ausart — ala arduragabe— batek une honetan turismoa egitea erabakitzea, baina ziur asko hotelak irekita mantendu badira, «gerta litezkeen beharrei aurre egiteko» da, Etxebesteren aburuz. Eusko Jaurlaritzak hainbatetan aipatu du, larrialdi sanitarioak eskumena ematen diela hotelak moldatzeko gaixoak har ditzaten, ospitaleek gainezka egiten badute. Baina ez dirudi une honetan egoera hain larria denik, hemen behintzat. Gainera, ospitaletan oheak ez bezala, Gipuzkoan hotelak soberan daude.
Hotelak irekita mantentzea, bezerorik ez bada iristen, kalte ekonomikoen baliokide da, bereziki Palacete bezalako hotel txikientzat. Eskuak lotuta dituztela sentitzen dute, ez baitakite nondik jo zehazki. Ziurgabetasun horrek jomugan ditu Palaceteko bost langileak, ezinezkoa baita langileak mantentzea lanik ez badago: «Badakigu denok kolpe galanta hartuko dugula, baina kolpea gutxitzen ahaleginduko gara». Neurriak hartu eta laguntzak azkar ematen badira, udan egoerari buelta emateko moduan izango direla uste Maddi Etxebestek.