Etxean grabatutako 'Ixilik' kantua kaleratu du Lanbroa taldeak
Hilabete honetan aurkeztu behar zuen taldeak bere lehen diskoa baina larrialdi egoerak bultzatuta, bertan behera utzi behar izan dituzte emanaldiak.
Lanbroa taldeak Ixilik (Koronabirus version) bere lehen singlea kaleratu du sare sozialen bitartez. Bideo txukuna lortu dute musikariek kontutan izanda bakoitza bere etxean mugikorrarekin grabatutako lana dela argitara emandakoa. Hilabete honetan aurkeztu behar zuen taldeak bere lehen diskoa, baina koronabirusak eragindako larrialdi egoera medio dena atzeratu behar izan dutela adierazi dute.
Egoera ikusita, «digital, online eta ahal dugun bezala egingo dugu» azaldu du Elena Artia abeslariak bideoan. Hala, «esperimentu» moduan grabatu dutela lehen musika lan hau esplikatu dute, norberak bere etxean zeukan instrumentuarekin. Ondoko bideoan ikus daitekeen musika lana izan da «esperimentu» horren emaitza.
Hondarribiko eta Irungo musikariek osatzen dute Lanbroa taldea, besteak beste: Karlos Zubikoa (baxua; Sagarroi, Lurra), Xabier Dols (bateria; Acido C, Lurra), Eneko Lekuona (gitarra akustikoa; 27, Pájaro Bobo), Mikel Goñi (gitarra elektrikoa; Zelig, La Bona Dea) eta Elena Artia (ahotsa; Zelig, Layo Raser). Ibilbide luzeko artistak dira denak, gustu eta estilo oso ezberdinetakoak. Haien arabera, «soinu klasikoa eta sustraizko soinuen magia, egungo softpop-arekin fusionatzen du Lanbroak, beti ere euskara ardatz hartuta».