The Norwegian Radio Orchestraren kontzerturako autobusa antolatzen ari dira
Kursaal Eskura programaren barruan eskainiko du emanaldia orkestrak apirilaren 29an. Autobusak Hondarribian eta Irunen egingo ditu geldialdiak.
Hondarribiko Udaleko Kultura departamentuak, Irungo Udalarekin elkarlanean, Kursaal Eskura programaren barruan The Norwegian Radio Orchestrak emango duen kontzertua ikustera joateko autobusa antolatu du. Apirilaren 29an da emanaldia (20:00) Kursaaleko auditorioan, eta Hondarribian zein Irunen egingo ditu geldialdiak autobusak, lehenenean San Cristobal biribilguneko Ama Guadalupekoa bus geltokian (18:55), eta bigarrenean, Gipuzkoa hiribidean (19:10).
Kultura departamentuko arduradunek azaldu dutenez, sarrera bereganatzeko interesa dute lagunek Kursaalaren webgunean egin beharko dute. Ondoren, autobuseko lekua erreserbatu beharko dute parte hartzaileek, Hondarribian Arma Plaza fundazioarekin harremanetan jarriz (943 643677) eta Irunen Kultur arloarekin (943505408). Izena emateko epea apirilaren 24ra arte egongo da zabalik, eta gutxienez 15 laguneko taldea osatu beharko dute jarduera mantentzeko.
Miguel Harth-Bedoya zuzendariak gidatzen du The Norwegian Radio Orchestra, Boris Giltburg piano jotzaile ezagunaren parte hartzearekin. Aurreikusitako programa ondokoa da: Griegen Udazkenean, Beethovenen Pianorako 4. kontzertua eta Dvoraken 7. Sinfonia.