Maqui Izuzkiza: «Benetan gustatzen zaidana da artilearen prozesu osoa egitea»
Emakumearen Astearen barruan, Emekik antolatutako Hondarribiko emakume artisten erakusketan parte hartu zuen Maqui Izuzkizak artilea lantzearen nondik norakoak azaldu dizkio HITZAri.
Zerekin egiten duzu zuk lan?
Orain batez ere artilearekin ari naiz lanean. Udaberri aldean artzainekin joaten naiz ardiei ilea moztera eta orduan biltzen dut artilea. Hori garbitu eta tindatu egiten dut. Ondoren, goruarekin haritu eta kardatzen dut. Niri, espresuki, benetan gustatzen zaidana da artilearen prozesu osoa egitea, garai batean egin zuten moduan.
Gaur egun artilea ez da era horretan lantzen?
Ez, gaur egun ez da oso errentagarria, sintetikoa da ohikoena. Izan ere, prozedura oso garestia eta neketsua da. Horrez gain, gaur egungo gizartea kolore oso deigarriak erabiltzera ohitu da, baita beste era batera jositako produktuak ere, eta ondorioz, artisautza mota honek balioa galdu du. Koloreei dagokienez, kurkumarekin, indigoarekin… lortzen dituzun tonuak askoz ere suabeagoak dira, eta haritzea bera ere oso ezberdina da sistema tradizionalean.
Nola egiten dituzu tindagaiak?
Artilea egostea ezinbestekoa da, ahal izanez gero, kopuru handitan, eta kanpoan, ez etxe barruan edo leku itxi batean. Ondoren, finkatzailea gehitzen duzu, ozpina adibidez, eta azkenik zuhaitz edo lore hazi batzuk eransten dizkiot.
Artileaz gain beste zerbait lantzen duzu?
Bai, artilea garestia denez itsasoan edo hondartzan jasotako beirarekin ere lan egiten dut. Denak Hondarribian jaso ditut! Ertzak borobilduak dituztenak, batez beste, berrogei urte eman dituzte uretan. Momentu honetan eguzki-lore erraldoi bat egiten ari naiz, artilea eta beirarekin, baita sorgin berri batzuk ere aurretik egindakoak kristoren arrakasta izan zutelako eta gehienak saldu ditudalako dagoeneko.
Nolatan hasi zinen artilea lantzen?
Japonian ikasi nuen ehuntzen. Itzuli nintzenean ardi merinoarekin artilea egiten ikasi nahi nuen, ez nuen artilea erosi nahi. Artzainak bilatzen hasi nintzen eta kontaktu batzuk egin nituen Kordoban, Aragoin… Haientzat ere neketsua da ezin dutelako artilea erre eta ez dutelako ezertarako erabiltzen, beraz, pozik hartu ninduten.
Non saltzen dituzu zure produktuak?
Azoketan batez ere, eta orain sare sozialak prestatzen ari naiz.