Kontrol zorrotzak Bidasoa ibaiaren alde batetik bestera joateko
Irun eta Hendaia arteko pasabideetan kontrolak egiten hasi dira gauerditik Espainiako Polizia eta Guardia Zibila. Lehen ilarak sortzen hasi dira.
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak atzo iragarritakoa betetzen hasi da: gauerditik, Espainiako Estatu osoko lurreko muga guztietan kontrolak ezarri dituzte, tartean, Hendaia eta Irun artean. Koronabirusagatik alarma egoera bukatu artekoa da neurrian. Espainiako Polizia eta Guardia Zibila ari dira kontrolak egiten. Horrek eragina izan dezake, adibidez, Hendaian bizi diren gipuzkoarrentzat (horietako asko Oarso Bidasoan jaiotakoak dira).
Ipar Euskal Herrian bizi eta hegoaldean lan egiten dutenek edo bertara arrazoi larriengatik joan behar dutenek aukera dute Gipuzkoara sartzeko. Hori egiteko agiri hau bete behar dute eta gainean eraman.
Merkantzien edo ondasunen eta elikagaien banaketarako ibilgailuek Bidasoa ibaiaren alde batetik bestera joateko eskubidea dute, baina kontroletatik pasatu behar dute.