Konfinamenduak harrera lanak uztera behartu ditu boluntarioak
Koronabirusari aurre egiteko hartutako azken neurriek Irungo Harrera Sarearen jardueran eragin handia izan dute. Halere, lanean jarraitzeko asmoa adierazi dute.
Koronabirusren aurrean Espainiako Gobernuak hartutako neurriek eragina izan dute Irungo Harrera Sarearen eguneroko jardunean. Gaur bertan sare sozialen bitartez jakinarazi dutenez, eten egin dute euren boluntario lana. «Konfinamendua dela eta IHSk zuzenean migranteei ematen dizkien sostengu lanak bertan behera utziko ditu momentuz. Hala ere, eta ahal dugun neurrian, lanean jarraituko dugu», adierazi dute.
Bitartean, zaintza, sostengu eta elkartasun sareak indartsu mantentzera animatu dituzte irundarrak. «Eta adi egon desberdinkeria eta elkartasun eza bultzatzen duten dinamikei, krisiaren aitzakiarekin areagotzeko arriskua baitaukate. Zaurgarriak gara eta horrexegatik elkarren artean interdependenteak. Animo asko guztioi!», esaldiarekin amaitu dute mezua.