Boluntario sarean jada 200dik gora lagunek eman dute izena
Koronabirusari aurre egiteko udalak hartutako neurrien artean, boluntario sare indartsua osatzen ari dira, herritarrak laguntzeko asmoz.
Irungo Udalak koronabirusari aurre egiteko martxan jarritako boluntario sareak arrakasta handia izan du. Gaur jakinarazi dute dagoeneko 200dik gora lagunek izena eman dutela atzotik. Guztiek esker mezu bat jasoko dute, eta horrekin batera, modu koordinatuan lan egiteko xehetasunak. Halere, Euskal Herri mailan koordinatzen ari den boluntario sare orokorraren zain daudela dio udalak, hurrengo pausoak emateko.
«Eskerrak eman nahi dizkiet irundarrei emandako solidaritate erantzunagatik, baita ere sektore publiko zein pribatuan lehen lerroan lanean ari direnei», adierazi du Jose Antonio Santano alkateak.
Era berean, azken orduko neurri gehiago hartu ditu udalak. Ama Xantalen erresidentzian tablet ugari eskuragarri jarri dituzte, adinekoek bideo bidez deiak egin ahal izateko, haien senideekin kontaktua errazteko asmoz.
Hartutako neurrien artean, zergak ordaintzeko data atzeratzea erabaki dute. Ez dute oraindik datarik zehaztu.