Azken eraso matxista gaitzetsi dute udal talde politiko guztiek
Joan den ostegunean publiko egindako erasoa gaitzesteko irakurketa bateratua kaleratu du udalak. Eraso matxista hilaren 4an izan zen.
Irungo Udalak joan den asteburuan publiko egindako eraso matxista salatu nahi izan du. Horretarako, udal talde guztiek adostutako testua kaleratu berri dute.
33 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak joan den ostegunean, adin txikiko bati sexu erasoa egitea leporatuta. Sexu erasoa hilaren 4an (asteazkena) izan zen, Irunen, Ficobako topoaren geltokian.
Hona, hitzez hitz, erasoaren harira udalak kaleratutako irakurketa:
Irungo Udalak gaitzetsi egin ditu asteburuan publiko egin diren gertakariak; izan ere, gizon bat atxilotu dute herrian adingabe bati ukituak egiteagatik. Irungo Udalak erabateko gaitzespena adierazten die emakumeek jasaten dituzten mota guztietako gehiegikeriei eta eraso guztiei, eta elkartasuna adierazten dio biktimari.
Irungo Udalak horrelako gertaeren kontrako beren arbuioa eta gaitzespena agertzen segitzera deitzen die herritar guztiei. Era berean, bizi dugun egoera kontuan hartuta, inguruan gerta daitezkeen erasoen aurrean erne egoteko eskatzen dizuegu. Izan ere, konfinamendu-neurriek indarkeria matxistaren eta familia barruko indarkeriaren biktimen zaurgarritasun-egoera larriagotzen baitute, ustezko erasotzailearekin bakardadean askoz denbora gehiago egotera behartuta baitaude.
Horregatik guztiagatik, zera egiten dute udal talde guztiek:
- Indarkeria dakarren ekintza oro arbuiatzen eta gaitzesten dute; kasu honetan, emakumeen kontrako indarkeria.
- Babesa eta elkartasuna adierazten diote emakumeari, eta haren eskura jartzen dituzte Gizarte Zerbitzuek dituzten laguntza baliabide eta zerbitzu guztiak.
- Adierazi dutenez, zirkunstantzia normaletan, gertatutakoa arbuiatzeko eta gaitzesteko elkarretaratze batera deituko lukete, eta bat egitera bultzatuko lituzkete herritarrak, baina, osasun agintariek COVID-19 birusaren bilakaera ikusita emandako betebeharrei jarraikiz, ez dute deituko.