Koronabirusari aurre egiteko neurri gehiago hartu ditu Irungo Udalak
Gaurtik aurrera taxi, TAO eta autobus zerbitzuek ere aldaketak jasango dituzte, abisu berrira arte.
Covid-19ari aurre egiteko Irungo Udalak neurri gehiago hartu berri ditu. Joan den astean erabaki zuen udal instalazio guztiak ixteaz gain, programatutako ekintza eta ekitaldi guztiak aldi baterako bertan behera gelditu dira. Bada, datozen egunei begira, autobus zein taxi zerbitzuak aldatzeko erabakia hartu dute.
Lehenik, L-1 lineak %50an murriztuko du zerbitzua (astelehenik larunbatera 30 minuturo eskainiko dute), L-2 lineak %3oean (30 minuturo ere) eta L-3 eta L-4 lineek berriz, ez dute aldaketarik jasango. Era berean, landa eremuko zerbitzua ere mantentzeko asmoa adierazi dute, eta hiri osora zabalduko dute. Hala, 65 urtetik gorako herritarrek ospitalera edota anbulatoriora joateko taxi zerbitzua izango dute etxetik gertu, 943 633 306 telefono zenbakian.
TAOari dagokionean, aldi baterako etetea erabaki du udalak, abisu berria eman arte. Bestalde, karga eta deskarga eremuak banatzaileentzat 24 orduz erabilgarri izango dira.
Amaitzeko, Jose Antonio Santano alkateak herritar guztiei neurriak betetzea eskatu die eta etxean gelditzeko mezua zabaldu du.