Ia 1.200 sinadura lortu dituzte Artiako lagunek
Juan Thalamas Labandibar eta Dario Regoyos kaleetako 109 zuhaitzen mozketa ekiditeko sinadura bilketarekin jarraitzen dute bizilagunek.
Juan Thalamas Labandibar kaleko 47 zuhaitzak mozteko Irungo Udalak hartutako erabakiaren kontra jarraitzen dute inguruko bizilagunek, bereziki Artiako lagunak taldeko kideek. Udalak hilaren 23ko astean zuhaitzak mozteko asmoa duela salatu dute, eta mozketa egin ahal izateko, txandaka itxiko dutela GI 636 errepidea. Bihar (hilak 17) bilera dute auzotarrek Jon Ugarte hirigintzako arduradunarekin, baina taldetik diotenez, ordezkariak ezin du bideokonferentziaz egin. Beraz, posta elektroniko bidez erantzungo ditu bizilagunen galderak.
Zuhaitz mozketen gaineko txosten teknikoa jaso dutela diote Artiako lagunek, eta «argi gelditu zaigu txostena kozinatuta dagoela, ez dela objektibotasunez egin eta zuhaitzak ez direla alez-ale aztertu», diote amorruz. Hiriko berdeguneen kudeaketan parte hartu nahi dute bizilagunek, eta bide batez, askok oraindik zer gertatzen ari den ez dakitela nabarmendu dute.
Horregatik guztiagatik, sinadura bilketarekin tinko jarraitzen dute Artiako lagunek. Ia 1.200 sinadurako langa gainditu dute, hasierako asmoa 1.000 lortzea zen bitartean. Beraz, helburua beteta, gehiago lortzen jarraitzeko asmoa dute. Sinatzeko, jo esteka honetara.
109 guztira
Dario Regoyos pasealekuko beste 55 zuhaitz ere arriskuan daudela salatu dute azken asteotan Artiako lagunek, 109 denera. «Erabakia guztiz desorekatua» dela iritzi dio taldeak, «zuhaitz hauek sasoi onean daude, eta Artiako auzorako onuragarriak dira». Emandako azalpenaren arabera, GI-636 errepideko kutsadura xurgatzen dute, errepideko paisaia eta zarata ezkutatzen dituzte, eta «adreiluz eta porlanez beteriko auzoari berdegunea ematen diote».