Hondarribiko sarrera, blokeatuta
Etxeratze aginduaren lehen egunean kalera irteteko muga errealak non zeuden jakiten saiatu ziren atzokoan herritarrak.
Amuteko biribilguneak ez ohiko irudia utzi zuen atzo: Udaltzaingoak bidea moztu eta herriko sarrera blokeatu zuen. Debekua ez zen soilik autoz sartzen saiatzen zirenentzat, baita oinezkoentzako ere. Herritarrei etxera joateko agintzen zieten agenteek, eta Hondarribira sartzeko baimena soilik bertakoek edo lan egin behar zutenek jaso zuten. Hondartzako biribilgunean ere debekua ezarri zuten udaltzainek, eta eguzkia aitzakia gisa baliatzen saiatu zirenei etxera joateko agindu zieten.
Egun arraroa izan zen atzokoa gizartearen gehiengoarentzat. Bizikletan ibiltzera, paseatzera, edota korrika egitera ateratzen saiatu zirenei, debekua betetzeko agindu zieten ertzainek eta udaltzainek. Are gehiago, gazte lokal bat hutsarazi zuen Ertzaintzak bertan zeudenei etxeratzeko agindua betearaziz.
Txakurrak kalera eramatea eta ogia erostea gehien erabilitako aitzakiak izan ziren atzo etxetik ateratzeko baimena lortzeko. Hondarribiko Udaltzaingotik herritarrak etxean geratu behar direla gogorarazi dute, eta zirkulazioa soilik arrazoizko argudioengatik baimentzen dela nabarmendu, hala nola, zaintza lanak egin behar dituztenei edo lanera joan behar dutenei.