Garraioan, tentuz
Garraio sistema murrizketekin, baina martxan dabil. Nabaria da erabiltzaileen beheraldia, oso. Bidaia egiten dutenak aholkuak betetzen ari dira, oro har.
Errenteria-Oreretako Iztietako autobus geltokia. Ia 13:00ak. Astelehen batez jende mordoska bildu ohi da geltoki horretan, ziurrenik, Donostiako Gipuzkoako plazako geltokiaren ondoren, Oarso Bidasoan autobus erabiltzaile gehien jasotzen dituen geltokia da. Gaur, 13:00etan, lau-bost pertsona zeuden autobusaren zain. Hori bai, denak gutxienez metro bateko tartearekin itxaroten.
Iritsi da autobusa. E27a da, Hondarribia-Donostia (eta alderantziz) bidea egiten duena. Erdiko atetik sartu dira bidaiariak, atera direnekiko segundo batzuetako tartearekin. Aurreko atea, txoferraren ondokoa, kartelez josita: ‘Sarrera beste ateetatik’.
Autobusaren barruan, toki guztietatik iritsi diren aholkuak betetzen ari dira ia denak: eserlekuetan, banaka. Zutik daudenak, gutxienez metro bateko distantziarekin. Ez da zaila autobusaren barruan daudenak kontatzea: sartu direnekin, hamaika lagun. Bi lagun, ordea, aurrez aurre daude eserita, hurbil, sakelako telefonoa elkarri pasatzen, bideo barregarri bat ikus dezan batek besteari eman dio sakelakoa. Barrez lehertzen ari dira. Beste bidaiariek elkar begiratzen dute, buruarekin ezezkoa esateko mugimendua egiten dute, gaizki ari direla isilka esaten ari dira, keinuekin. Baina inork ez die deus ere esan gutxienezko errespetuzko araua hausten ari direnei. Osasun araua da.
Aurrean txoferra. Bere ondoko atea ez da irekitzen, eta autobus barrutik ere harengana ezin da joan, hesi antzekoa jarri dute plastikoarekin. Bunkerrean dago gidaria. Hobe. Beste langile asko bezala, garraio publikoko langileak euren osasuna arriskuan jartzen ari dira zerbitzua eman ahal izateko, eta ez litzateke bidezkoa bidaiariekin kontaktu zuzena izatea euren osasuna, beraz ondokoena, arriskuan jarriz.
Garraio publikoan ia dena zuzen. Errespetuz. Ea jarrera desegokiak desagertzeko bidean doazen.