Boluntario sarea osatzeko deia egin du udalak
Azken orduko neurrien artean, laguntza eskaintzeko sarea osatu nahi du udalak. Babes Zibila eta Gurutze Gorria ere prest daude boluntario lanak egiteko.
COVID-19 birusari aurre egiteko Irungo Udalak azken orduko neurri gehiago hartu ditu. Bakarrik bizi diren adinekoekin (75 urtetik gora) harremanetan jartzen hasiko dira gaurtik aurrera. Udaleko langile bat guztiekin telefono bidez harremanetan jarriko da, egungo egoera zein den eta beharrik duten identifikatzeko.
Era berean, Babes Zibil eta Gurutze Gorriko boluntarioek euren prestutasuna adierazi dute edonolako lanak egiteko. Herritarrek ere boluntario lana egin dezakete, izan ere, horretarako boluntario sare bat osatzen hasi dira jada, lotura honetan.
Azkenik, etxebizitzarik gabeko herritarrentzako bitartekoek martxan jarraitzen dutela jakinarazi dute (Espainiako Gobernuak emandako osasun gomendioak betetzen). Dagoeneko aldundiarekin lanean hasi da udala, behar izanez gero, bitarteko horiek indartzeko.