Miren Legorburu: «Zuriei eraso egiten badigute, zer ez diete egingo errefuxiatuei?»
Hiru astez Lesbos irlako Moria kanpalekuko errealitatea gertutik ezagutu du hondarribiarrak, Zaporeak elkarteari esker. Egoera jasanezina dela baieztatu du: «Eutsiezina da erabat».
Bizitutako tentsioaren ostean, zer moduz zaudete Zaporeak-eko kideak?
Ni bueltan naizenez, jada badaramat astebete Hondarribian, nik lasaitua hartu dut, baina kezka dut han gelditu direnengatik. Eta gero proiektuak aurrera nola egingo duenaren inguruan kezka ere badut. Bazkariak prestatu bai, baina zeinek eta zein baldintzetan banatuko diren, normaltasun faltsu hura berreskuratuko ote den, horrelako kezka horiekin nabil. Orain diote egoera lasaitu dela, baina ez da egia. Normaltasun faltsu bat da hangoa, ez baita normala pertsonak horrela edukitzea.
Nola bizitu zenituzten une gogor horiek?
Nik uste dut boluntario gisa joan garenontzat behintzat sorpresa izan dela. Hemengo hedabideek ez dute benetan han gertatzen dena kontatzen, ez dugu ezagutzen bertako errealitatea. Orduan, badakizu han badagoela jende kopuru ikaragarri bat ezin duena kontinentera pasa eta haiek behar berezi batzuk dituztela. Zu zure alea jartzera joaten zara, ahal duzun neurrian laguntzera. Baina ez duzu pentsatzen zure kontra egin dezaketenik laguntzera joateagatik. Orduan, ikusi genuenean faxistek erabaki zutela boluntarioen ehiza egitea, asko harritu gintuen lehenik. Zurien kontra, hau da, Europako pasaportea dugunei eraso egiten badigute, zer ez diete egingo egoera irregular horretan dauden errefuxiatuei? Eta horrek beldur handia ematen du. Halere, gure hasierako susto edo beldur hura apaltzen edo kontrolatzen joan da. Gerta daiteke berriro, baina proiektuak aurrera jarraitu behar du.
Zuek pairatutakoa, errefuxiatuek egunerokoan jasaten dutela salatu du maiz Zapo-reak-ek.
Hori da. Guk azkenean pasaportea dugu, etxera etortzeko dirua daukagu eta seguru batzuekin bizi gara. Guretzako susto bat izan da, trago txar bat, baina egoera latza dutenak han daudenak dira, ez aurrera ez atzera. Orduan, gure beldurra eta kezkak haiek bizi dutenarekin alderatuta txikikeriak dira. Ume bat itotzeko arriskuan dagoela ikusten duzunean, gureak txikikeri bat dirudi. Gaizki pasa genuen, sustoa pasa genuen, denak etxean bildu eta denak onik geundela ikusi arte urduritasun eta beldurra handia izan zen, baina ez du zerikusirik gau guzti hauek portuan euripean pasatu dituzten familien beldur eta ezinegonekin. Kontua da faxistak aspalditik ari direla horrela eta nolabait harrotu eta antolatu egin direla azkenaldian. Oraingoan erabaki dute egoera lehertzeko laguntzera joandako erakundeen kontra jotzea. Baina beti ere gogoratu behar dugu han dagoena oso-oso tragedia humanitario handia dela, milaka pertsona daudela egoera jasanezin batean, eta hori dela nabarmendu beharrekoa.
Egunerokoan bizitutako egoera gogor horiei nola egiten diezue aurre?
Ni orain etxera itzuli naizela, gure normaltasun edo erosotasun horretan normal bizitzen saiatzen ari naiz. Baina han gertatzen dena ikusi izanak nire kezka handitu du, eta gehiago ezin eginaren sentsazio hori badut. Baina hemendik ere presioa egin behar dugu, Europako erakundeek eta gobernuek erantzukizunez joka dezaten, drama horrekin bukatzeko.
Astelehenetik jardunarekin jarraitu dute boluntarioek. Orain arte bezala jarraitzeko asmoa du proiektuak?
Borondatea hori da, oso-oso lehentasunezko beharra erantzuten dugu, jateko beharra, eta gainera, jaten ematen diegu behar bereziak dituzten pertsonei. Hortaz, ezinbesteko zerbitzu bat da, ahal dugun neurrian erantzun beharrekoa. Nik uste dut Zaporeak bezala zerbitzu horrekin jarraitzeko borondate osoa dagoela, nahiz eta gobernuek eman behar dioten arazoari benetako irtenbidea. Banaketaren zati handiena furgoneta batean egiten zen eta hori gabe geratu gara erasoaren ostean. Ni etorri nintzenetik azkeneko bi egunetan nonbait bilatu dute erdibideko konponbide bat, baina oraindik ikusteke dago. Gainera, ez dugu ahaztu behar Moria gainezka dagoela, eta sartu diren ehunka pertsona horiekin zer egingo duten argitzeke dagoela oraindik. Beraz, oraindik ez dago baloratzerik gaur egun beharrak zeintzuk diren. Lehen 1.500 bazkari ematen genituen, ziur aski orain gutxiegi da, eta behar bada handitu beharko da esfortzua.
Azkenaldian arazoa konpondu beharrean, okerrera egin du. Nola ikusten duzu Moriako errefuxiatuen etorkizuna?
Nik uste dut ez dugula etsipenez begiratu behar, lortu egin behar dugula. Erakundeek onar dezatela inor ez dela ilegala, guztiok daukagula gure herrian arriskuan bagaude asiloa eskatzeko eskubide hori, eta hori tramitatu egin behar dela eta erantzun. Ez da onargarria Europak mugak horrela ixtea. Beraz, egoera jasanezina da, eutsiezina erabat, eta horri irtenbide bat eman behar zaio. Egia da Lesbos eta beste iparraldeko uharteetan elkartasun osoz erantzun dutela, baina haiek ere nekatu dira. Lesbosek 80.000 biztanle ditu uharte guztian, hiriburuak 30.000 eta aldameneko errefuxiatu kanpalekuak 20.000 baino gehiago. Eta gainera ez dituzte zerbitzu minimoak, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Hori onartezina da, pertsona horien mugitzeko eskubidea urratzen delako, baina baita ere uharteko biztanleen egoera jasanezina bihurtzen ari delako. Denak toki batean sartzen ari dira, kontuan hartu gabe bertako biztanleen ongizatea. Hortik ezin badira mugitu, ez badute lan egiteko eskubiderik, non amaituko dute errefuxiatuek? Haur horiek ez dituzte eskolaratzeko, ez dute edukiko osasun sistema zerbitzurik. Bizi osorako kondenatuta daude horrelako kanpamentuetan? Europak ezin du onartu bere lurretan pertsonak horrelako egoera batean egotea, irtenbide bat eman behar zaie, eta hori lortu behar dugu. Europak berriki ospatu du Auschwitz kontzentrazio eremuaren askapenaren 70. urteurrena, eta bitartean Europa barruan beste kontzentrazio esparru bat sortzen ari dira, hori onartezina da.
Zer nolako esperientzia izan da azken asteotan bizitutakoa?
Ikaragarria. Orain han gertatzen denaren berri ematea izango da nire lana, zabaltzea. 10.000 mila pertsona joan dira dagoeneko Zaporeak-ekin azken bost urtetan, ikaragarria da. 10.000 pertsonek ezagutu dugu hura eta uste dut Zaporeak-en helburuetako bat, jaten emateaz gain, badela kezka hori duen jendeari hura ezagutu eta bizitzeko aukera ematea. Hemen, Euskal Herrian, egiteko asko dago oraindik. Elkarteak ezin du funtzionatu hemen ez badu funtzionatzen. Han hainbeste janari ematen du Euskal Herrian jende asko urtean zehar mugitzen delako. Modu askotara laguntzeko aukera dago.