Periferiaren aldarri ozena
Mendeluko bizilagunek orain dela gutxi ekin diote ‘Mendelu ere Hondarribia da’ kanpainari. Auzoak pairatutako «utzikeria» eta «abandonuarekin» kexu, udala egin dute egoeraren errudun.
Haserre daude Mendeluko bizilagunak; haserre auzoak pairatutako «utzikeriarekin»; haserre egoera iraultzeko neurri faltarengatik. Mendelu ere Hondarribia da kartelez bete dituzte auzoko balkoiak herritarren eta udal gobernuaren arreta bereganatzeko asmoz, eta lehenen atentzioa lortu duten arren, momentuz bigarrenak ez duela harremanetarako saiakerarik egin salatu du Mendelu Auzo Elkarteak.
«Abandonu» hitza erabili dute elkartekideek auzoaren egoera definitzeko. Lehenik eta behin, aireportuaren gatazka izan dute hizpide. Hamabost eta hemezortzi urte artean luzatu da afera eta horrek eragin negatibo ugari izan dituela salatu dute. Haien etxebizitzak eraisteko arriskuak beldurra eragin du urte hauetan zehar jabeen artean, eta horrek, mantenu falta eragin du eraikinetan. Baina areago jotzen du arazoak auzo elkarteko ordezkariek Hitza-ri adierazi diotenez: «Jendeak ez du oraindik ere inbertitu nahi ez dakitelako hemendik hiru urtera euren etxeak botako ote dituzten».
Izan ere, Mendeluko zenbait etxebizitza Hiri Antolamenduko Plan Orokorretik (HAPO) kanpo daudela esplikatu dute, eta beraz, hainbat bizilagun euren etxebizitzak galtzeko beldur direla ohartarazi dute. «Hasieran alkateak —Txomin Sagarzazu— esan zigun hirurogei metro koadroko etxea baldin bagenuen tankera bereko bat emango zigutela. Baina momentu honetan ez dakigu ezer eta atzera egiten ari direla iruditzen zaigu», erantsi dute.
EAJren kanpaina politikoa
2019. urteko udal hauteskundeen kanpaina politikoaren barruan bisitatu zuen Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak Mendelu auzoa. «Eraikinak berrituko zituztela, errepidea zentzu bakarrekoa bihurtuko zutela, edo eraitsiko zituzten etxebizitzetako jabeek antzeko ezaugarriak zituzten etxeak jasoko zituztela ziurtatu zigun», adierazi dute auzo elkarteko kideek, «baita, urrian itzuliko zela gurekin bilera bat egitera ere».
Bizilagunekin bilkura, ordea, ez dela momentuz egin salatu dute. «Dena geldirik dago, abandonu egoeran jarraitzen du», erantsi dute. Argi dute prozesu luzea izango dela auzoa duintzea, «baina joan daitezela pixkanaka auzoa zaintzen, hobekuntzak egiten».
Izan ere, eraikin askok ez dute ikuskaritza teknikoa (EIT) gainditu. Egoeraren berri eman zitzaion udalari, eta bizilagun elkarteak esan duenez, «egoera ezagututa EIT ez zutela gehiegi kontrolatuko esan ziguten. Hala eta guztiz ere, atzera urratsa egin dute, eta obra horiek egitera behartuak gaudela esan digute».
Ezjakintasuna da auzotarren arazo nagusia, eta beste adibide bat jarri dute hori ulertarazteko. Errekak gainezka egiten duenean urak jasotzeko eraikitako putzua Irunera lekualdatu nahi dutela diote, erromesen aterpetxearen ingurura; dagoen lekutik gertu, alegia. Auzokideen arabera, baina, eremu hori desjabetu zuten babes ofizialeko etxeak egiteko, eta uholdetarako eremua zenez eraikitzeko debekua jaso zuten: «Orain, ordea, putzua Irunera eraman eta ez dakigu nola, baina bertan etxebizitzak eraikiko dituzte».
Arazo zerrenda amaigabea du auzoak. Etxebizitza eta eraikinen egoera, informazio falta, aireportua bai ala ez, gainezka egiten duten urak jasotzeko putzua, eraiki ezin ziren lurzoruak eraikigarri izatea, babes sozialeko etxebizitzak… Eta honi guztiari, futbol zelaiaren egoera, autobus geltokiarena, udal lokalaren kudeaketa, eta egoiliarren «ustezko» aparkalekuaren arazoa gehitu behar zaiola erantsi dute.
Informazioa ezinbestekoa
Iazko udal hauteskundeetako bisitarekin «ziria» sartu zietela uste dute elkartekideek, eta udalaren asmoa zein den argi geratu zela Sagarzazuk bileran esandako esaldi honekin: «‘Hondarribiko sarrera polita izatea nahi dugu’». Hain zuzen, baieztapen horrekin «ez dela barrukoengan pentsatzen ari, turistengan baizik» deitoratu dute auzokideek.
Informazioa eta komunikazioa dira egoerari irtenbidea emateko modu bakarra haien ustez. Udal gobernu taldeko ordezkarien eta elkartekideen artean komunikazio kanal bat mantentzea. Ondoren, auzo elkartea informazio hori atez ate zabaltzeko prest agertu da.
Egoerari aurre egiteko, Donostiako abokatu bulego baten laguntzaz gain, donostiarra den eta Madrilen bulegoa duen hirigintza arkitekto baten babesa jasotzen ari dira. Horrez gain, EHUko Arkitektura fakultateko irakasle Koldo Telleriaren inplikazioa nabarmendu dute, eta haren ikasleena ere, Mendelu ardatz duen Gradu Amaierako Lana burutzen ari baitira. Hau guztia ez dela udalaren gustukoa jakin arren, «ez dezatela pentsa haien kontra goazenik, ez baita hala», erantsi dute.